22:30ean
Desagertuen gaia jorratuko du 'Ur Handitan' saioak gaur gauean
EiTB
Fernando Irigoien nafarraren, Borja Lazaro arabarraren eta Miguel Angel Elorriaga bizkaitarraren hurbilekoekin mintzatuko da programako lantaldea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zer gertatzen da familia batean pertsona bat desagertzen denean? Gai hori jorratuko du 'Ur Handitan' telebista saioak gaur, 22:30etik aurrera (ETB1 eta eitb.eus). Hiru kasu izango dituzte hizpide: Borja Lazaro gasteiztarrarena, Fernando Irigoien lekaroztarrarena eta Miguel Angel Elorriaga iurretarrarena.
Fernando Irigoien 2010. urtean desagertu zen Iruñean, 59 urte zituela. Atezain zebilen eskola batean, eta egun batean ez zen lantokian agertu. Ordutik, Itziar nebaren bila aritu da. Berarekin eta Nuria Idoate Fernandoren ilobarekin arituko da solasean Xabier Madariaga aurkezlea Lekarozen, Nafarroan.
Bost urte bete dira Borja Lazaro gazte gasteiztarra Kolonbiako La Guajira eremuan desagertu zela. Informatikaria ogibidez eta bidaiari amorratu eta argazkilaria zaletasunez, Cabo de la Vela herriko ostatu batean ikusi zuten azken aldiz. Beste “motxiladun” batzuekin afaldu, eta, ondoren, hamakara joan zen lotara. Goizean, aldiz, ez zegoen. Zapatilak hamaka ondoan utzita eta kutxatilan argazki-makina, ordenagailua, diru-zorroa eta pasaportea topatu zituzten. Geroztik, ez dago haren arrastorik. Ana Herrero elkarrizketatuko du Xabier Madariagak, Borjaren ama. Ondoren, Borjak ikasi zuen institutuan elkartuko da haren bi lagun minekin.
Hirugarren kasua Miguel Angel Elorriagarena da. 1991ko apirilaren 26an desagertu zen Iurretan, Bizkaian. Egun euritsuak izan ziren eta erreka oso hazita jaisten zen. Miguel Angel etxetik irten zen goiz batean, erreka ikustera zihoala esanda. Orduan ikusi zuten aita azken aldiz. Nerea Elorriaga alabak 35 urte ditu, eta gogoan du oraindik ama leihoan egoten zela aitaren zain, urduri. Kotxea erreka ondoan agertu zen, baina Miguel Angelen arrastorik ez. Amak lanean hasi behar izan zuen, ez baitzuen alargun pentsioa kobratzeko eskubiderik. Familian bizitakoak kontatuko ditu Nereak kamera aurrean.
Bukatzeko, Patxi Izagirre psikologo klinikoak horrelako egoera bati nola aurre egin ahal zaion azalduko digu.