Itxi

22:30ean

'Bi egun Arantzazun', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Xabier Madariaga bi egunez murgilduko da frantziskotarren bizimoduan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bi egun Arantzazun erreportajea eskainiko du gaur gauean ETB1eko 'Ur Handitan' saioak. Arantzazu, amildegi artean eraikitako santutegia, fedeaz haratago, euskal kulturaren eta artearen talaia izan da luzaroan. Bost mende baino gehiago daramatzate frantziskotarrek Arantzazun, ateak zabalik, erromes, mendizale eta turisten paisaia aberasten.

Zer dakigu, ordea, isilean otoitz egiten duen anaidi honen egunerokoaz? Zer pentsatzen dute beren paretetatik at dagoen munduaz, Elizaren bilakaeraz eta azaleratu diren sexu abusuez? Galdera horiei erantzuteko asmotan, bi egunez murgilduko da Xabier Madariaga frantziskotarren bizimoduan.

EiTBko ikus-entzuleentzat aski ezaguna den Pello Zabalarekin batera iritsiko dira Arantzazura. Azken hilabeteetan, hainbat osasun arazoren ondorioz, Arantzazun beste egun pasatu ditu Gurutzetan fraide amezketarrak. Horietako bidaia baten itzuleran lagunduko diote, ospitaletik komenturako bidean. Pellok dio, bokazio handiko urteekin alderatuta, Arantzazuren osasuna ere makaldu egin dela. Egun, 20 fraide inguru daude bertan.

Horietako bat Angel Txabarri zarauztarra da. 12 urterekin sartu zen Arantzazun. Pello ez bezala, hirian ibili zen irakasle lanetan. Besteak beste, alde batera utzi beharreko plazerez hausnartu du zarauztarrak. Erlijioa eta Arantzazu berarentzako dena izanik, egungo gazteentzat frantziskotarren bizitzak ez duela zentzurik dio.

1932an Seguran jaiotako Joseba Etxeberria frantziskotarra Arantzazuko liburutegiaz arduratu izan da azken mende erdian. Egun, ordea, ordezko baten bila dabiltza. Horren hitzetan, "Gaudenak jada ez gara ginena". Azken hamarkadan nabaritu da gehien komentuaren gainbehera, eta horren aurka zer eginik ez izateak ematen dio penarik handiena.

Besteak beste, emakumeek Eliza Katolikoan duten paperaz aritu dira Arantzazuko frantziskotarrekin. Hiru protagonistek hala aitortzen dute: guztiz ados daude emakumearen presentzia areagotzearekin.

Euren egunerokoan, ordea, emakumeak zerbitzu lanetan ageri dira soilik. Frantziskotarren ahotan "ezinbesteko diren lan horiek" ezagutzeko asmotan, 20 urte baino gehiago frantziskotarrak artatzen eman dituen Ainhoa erizain oñatiarrarekin eta fraideen elikaduraz arduratzen den Paula sukaldari portugaldarrarekin ere izan dira.

Arantzazuren iragana, oraina eta etorkizuna, gaur, 22:30etik aurrera izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)