Itxi

22:15ean

'Elorriotik Enolera 1987' erreportajea, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Leer en Castellano

1987an Asturiasen bizia galdu zuten Elorrioko Txakurren Salbamendu taldeko kideak omenduko ditu saioak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Elorriotik Enolera 1987 izeneko atalarekin, 1987an Asturiasen bizia galdu zuten Elorrioko Txakurren Salbamendu taldeko kideak omenduko ditu 'Ur Handitan' saioak gaur gauean, baita haien historia gogoratu ere.

Gazteek ez dute ezagutuko, baina Bizkaian ikaragarrizko zirrara eragin zuen gertaera hark 80ko hamarkadaren bukaeran. Orain 32 urte, ekainean, Europako mendietako Enol lakuaren inguruan, eskolako txango batean zebilen 13 urteko haur bat galdu zen. Espainiako Estatuan, Elorrion zegoen salbamendurako txakurren talde bakarra, eta horren laguntza eskatu zuten Asturiaskoek. Ertzaintzaren helikoptero batek haraino eraman zituen zortzi boluntario euskaldun eta horien txakurrak, eta umearen bila ibili ziren mendian gora eta behera egun eta erdiz.

Zoritxarrez, txakurrek ez zuten galdutakoaren aztarnarik topatu, eta bilaketa bukatutzat eman zuten hurrengo egunean. Menditik Cangasera jaisteko, lau boluntario kotxez abiatu ziren, eta beste lau Ertzaintzaren helikopteroan sartu ziren. Baina aireratzen hasi zenean, helikopteroak mendia jo zuen eta bortizki erori zen. Guztira, zazpi pertsona hil ziren istripuan: lau boluntario bizkaitarrak (eta haien txakurrak), tripulazioko bi kide eta Asturiasko Babes Zibileko koordinatzailea. Galdutako ume asturiarra, Germán Quintana, ez zen inoiz agertu.

'Ur Handitan' saioaren atal honetan, Lourdes Verdes, Luis Angel Díaz, Joseba Zabala eta Javier Gallastegi, Elorrioko Salbamenduko Txakurren Taldeko kideak, nortzuk ziren azalduko digute euren senideek eta lagunek.

Gainera, ezbehar horretatik bizirik ateratako pertsonen testigantzak jasoko dituzte; besteak beste, Jon Ander Mardonesena, Asturiasko bilaketan parte hartu zuten lagunetako batena. Mardones eta gerora Asturiasko Txakurren Taldea sortu zuen pertsona, Jesus Gomez Chuqui, Europako mendietara eramango dituzte, eta han gertatutakoak euren bizitza nola markatu zuen azalduko dute.

Horrez gain, gaur egun Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeak nola funtzionatzen duen erakutsiko dute.

'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)