22:15ean
LGTBIQ mugimenduko gazteen inguruko 'Ur Handitan' saioa, gaur
EITB
Xabier Madariagak aurkeztutako saioaren denboraldiko azken atala izango da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ekainaren 28an ospatzen den Gay eta Lesbianen Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, 'Ur Handitan' saioak LGTBIQ mugimenduko gazteei eskainiko die astearteko Harro atala. Emanaldi honekin bukatuko da programaren hirugarren denboraldia.
Lesbianak, homosexualak, bisexualak, transexualak, queer-ak... Aniztasun sexualaren erakusle diren euskal gazte horien bizipenak ezagutuko dituzte azken programa honetan, honako galderari erantzuteko asmoz: egia al da euskal gazteek askoz orientazio sexual pluralagoak dituztela, irekiagoak direla, esploratzaileagoak, askeagoak?
Armairutik irtetea, aurreiritziak, oztopoak, sexu harremanak, ahalduntze prozesua... Halako gaiak jorratuko dira atal honetan, gonbidatu batzuen testigantzen bidez.
Horrela, Xabier Madariagak gazte hauek elkarrizketatuko ditu: Ana Iruretagoiena, 26 urteko kazetari lesbiana ordiziarra; Maider Uribarri, 17 urteko ikasle bisexual zornotzarra; Xabi Lozano, 24 urteko mutil transexual azkoitiarra, eta Asier Santamaría, 23 urteko gay queer getxoztarra.
Horretaz gain, Xabier Madariaga Iruñeko gazte talde batekin elkartuko da gai honen inguruan solasaldi bat egiteko.
'Ur Handitan' asteartetan izaten da ikusgai 22:15etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.