22:00etan
Artzaintzaren etorkizunari buruz, gaur, 'Ur Handitan' saioan
EiTB
Aiora Garaikokoetxea gaztea izango du protagonista 'Aralarreko azken ausartak' erreportajeak. Berarekin batera, Aitor Iztuetak eta Iker Sukiak hartuko dute parte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Artzaintzari buruzko erreportajea dakarkigu gaur 'Ur Handitan' saioak. Ofizio honen etorkizunaz mintzatuko da Xabier Madariaga Aiora Garaikoetxea gaztearekin Aralarreko azken ausartak izeneko erreportajean.
Gure herriari begira eta tradizioei gainbegiratu bat emanda, artzaintza ageri da lehen sektoreko bizi ereduetako bat bezala. Paisaia berde bezain ederretan sarri ikusi ditugu ardiak, eta, horiek gidatuz, artzainak. Urteak pasatu ahala, gero eta gutxiago dira mendira igo eta bizitza ofizio honi ematen diotenak. Aiora Garaikoetxea hautu hori egin duen emakume gaztea dugu. Horren eskutik ezagutuko dugu gaur egun Aralarren diren artzain gazteen bizimodua. Korrika eta presaka dabilen gizarte honetan, badira makila eta txakurrak hartuta mendiaren lasaitasunean bizi nahi duten pertsona ausartak, nahiz eta, beraien hitzetan, "azken ausartak" izan.
Azpeitiko auzo batean bizi izan da Aiora derrigorrezko ikasketak bukatu artean, Matxinbentan. Ikasketak bukatutakoan, berriz, aitaren ondora, Ataunera, joatea erabaki zuen, artzaintzan murgiltzera. 19 urte ditu Aiora Garaikoetxeak, eta aurten hasiko da artzain eskolan. Emakume artzaina da bera: "Nire neba jaio arte, ez zuten sinetsi aitak segida izango zuenik; ni baino 17 urte geroago jaio da bera".
Lan bakartia da artzainarena, eta ez da tratu handirik egoten bertako lagunen artean. Aiorak, baina, badu bizilagun berezi eta maitatu bat. 59 urte dituen Jeronimo Nazabal da bera, eta bizi osoa darama Aralarren. Ofizioari jarraitzeko gazteen erabakiak pozik hartu arren, etorkizun beltza ikusten dio artzaintzari.
Aiorarekin batera, Aralarko artzaintzaren etorkizun beltz hori argitzen dabiltza Aitor Iztueta eta Iker Sukia gazteak ere.
Aitor Iztuetak 24 urte ditu, eta, borda propioa eta 600 ardi izanik, argi du lan honetan jubilatuko dela. Iker, berriz, 18 urteko lazkaotarra da, eta, aita irailean jubilatu ostean, berak helduko dio artaldearen ardurari. Ikerrek argi du beraien bizimodua eta ogibidea den artzaintza teknologia berriekin uztartuz soilik salba daitekeela.
'Ur Handitan' saioa, gaur gauean, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.