22:00etan
Tutoretzapeko etxebizitza baten egunerokotasuna, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
EiTB
Adimen urritasuna duten 14 pertsona bizi diren pisu bateko elkarbizitza ezagutuko du Xabier Madariagak gertutik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Ur Handitan' saioaren gaurko atalak tutoretzapeko pisuak hartuko ditu hizpide. Xabier Madariagak adimen urritasuna duten pertsonek horrelako pisuetan duten eguneroko bizitza ezagutuko du.
Garbiñe eta Javi Bilbo erdian dagoen etxebizitza batean bizi dira. Goizean goiz, lanera joaten dira, bakoitza bere enpresara. Bazkalorduan, etxean aurkitzen dute elkar berriro, eta, ondoren, beste edozein bikotek bezala, paseoan, errekadutan edo telebista ikusten ematen dute arratsaldea. Bizitza arrunta horren arrunta ez den bikote batentzat, eta batere ohikoa ez den etxebizitza baten barruan.
Garbiñek eta Javik adimen urritasuna dute, baita 12 pisukideek ere. Bi monitoreren laguntzari esker, ahalik eta bizitza autonomoena egiten saiatzen dira, gizartean aurreiritziak behin baino gehiagotan sumatzen badituzte ere.
Garbiñe ondarroarra da. Anai-arrebekin bizi izan zen bertan, duela urte batzuk arte, baina egunerokoaren zailtasunek ezinezko egin zuten elkarbizitzarekin jarraitzea. Horrela heldu zen Gorabide elkarteak Bilbon duen pisuetako batera. Handik gutxira, pisukide bihurtu zen Javi ere, bere bikotekidea.
Beste pertsona batzuekin etxe berean bizitzea ez da erraza. Arauak eta ordutegiak bete behar dira, pisukideek errespetua izan behar diote elkarri, baita monitoreei ere, eta, askotan, liskarrak sortzen dira. Hala ere, gehienek beren helburuetako bat lortu dute, era autonomo eta nahiko independentean bizi dira.
'Ur Handitan' saioko taldea tutoretzapeko etxebizitza batean egon da, eta haien eguneroko bizitza ezagutu du Garbiñeren eskutik. Nolakoa da adimen urritasuna duten 14 pertsona bizi diren pisu bateko elkarbizitza? Nola banatzen dituzte etxeko lanak? Zer erlazio sortzen da hezitzaileekin? Zertan behar dute laguntzarik handiena? Zeintzuk dira horrelako etxe batean bizi ahal izateko bete behar dituzten baldintzak? Eta arauak? Senideekin erlaziorik ba al dute?
Xabier Madariagak 14 pisukideak ezagutuko ditu, eta etxe horretan telebista-saio bateko kamerak sartzeak haientzat dakarren zoriona eta emozioa ikusiko ditugu. Afari berezia ere antolatuko dute denen artean, Xabierrek eurekin afal dezan.
'Ur Handitan' saioaren Pisukideak atala gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.