22:00etan
Kartzelan dauden emakumeak hizpide, gaur gaueko 'Ur Handitan' saioan
EiTB
'Emakumea bere bakardadean' izenburupean, emakumea izateak kartzela zigorra are gogorragoa egiten al duen aztertuko du erreportajeak hainbat lekukoren bidez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, emakumeak eta kartzela hartuko dituzte hizpide 'Ur Handitan' saioan. Emakumeek kalean bizi duten berdintasun eza areagotu egiten da kartzelan, eta euren beharrak eta nahiak asetzeko zailtasun handiak dituzte. Gizonek eurentzako eraikitako espazioetan nola bizi ote dira emakumeak? Emakumea izateak kartzela zigorra are gogorragoa egiten al du? 'Ur Handitan' saioan errealitate hori azalarazten saiatuko dira.
Ainhoa duela hiru urte espetxeratu zuten. Kanpoan zain du alaba, baita ama eta neba ere, biak gaixorik. Senideen zaintza lanetan laguntzeko asteburuko baimena eskuratu du azken urtean, eta, hain zuzen ere, kartzelatik atera den egun horretan, bere bila joan da 'Ur Handitan' lantaldea.
Emakume izatea, kartzela eta amatasuna uztartzen dituen adibiderik baldin badago, hori Kristinarena da. Edozein emakumerentzat espetxea gogorra bada, egoera hori areagotu egiten da tartean ume jaioberri bat dagoenean. Aldi berean, kartzela arrotzetan emakumeen arteko saretzeak zer nolako garrantzia duen azaltzen du kartzela kide izan zuen Alaitzekin.
Katia emakumea, migratzailea eta preso ohia da. Etorkin izateak are gogorragoa egin zuen kartzelako egonaldia, baita kartzelatik atera zeneko garaia ere. Barruan ez zuen ezer, baina kanpoan are gutxiago.
Olatzek hamar urte daramatza espetxeratuta eta etxetik urrun. Bertan Xua jaio zen. Laster, alabak hiru urte betetzean, amarengandik eta aitarengandik banatuko dute eta kartzelatik kanpo amona Mari Carmenekin bizitzen hasiko da. Lan horretan Ainarak lagunduko die, Olatzen lagun minak.
'Ur Handitan' saioan izango da ikusgai Emakumea bere bakardadean, gaur, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.