22:00etan
Arrazakeria eta elkarbizitzari buruzko "Ur Handitan" saioa, gaur gauean
EiTB
'Ez naiz arrazista, baina...' izeneko atalean, hainbat protagonistek barru-barrutik azalduko dituzte pairatzen dituzten erasoak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Arrazista ni? Inondik inora!" Zenbatetan entzun izan ditugu horrelako erantzunak? Baina inoiz galdetu al diegu migranteei edo arraza ezberdineko pertsonei nola sentiarazten ditugun? Zenbateraino ditugu onartuak jarrera arrazistak? Ohartzen al gara arrazistak direla egunerokoan barneratuak ditugun zenbait jarrera? Astearteko "Ur Handitan" saioko protagonistek Euskal Herrian guztion arteko elkarbizitza nola ikusten duten azalduko dute, eta barru-barrutik azalduko dituzte pairatzen dituzten erasoak.
Tarana gauza asko da: gaztea, emakumea, ama, zuzenbidea ikasia, borrokalaria, feminista, ikusmin handiko pertsona. Sei hizkuntza hitz egiten ditu; etxean, seme-alabekin, hiru. Baina, batzuentzat, Tarana beste gauza asko ere bada: Azerbaijanen jaiotako emakume musulmana, hijaba janzten duena, immigrantea, atzerritarra, kanpotarra, guri lana kentzera datorrena, diru laguntzei esker bizi dena, gure ohituretara moldatu nahi ez duen pertsona. Taranak urte asko daramatza Euskal Herrian bizitzen, eta arrazakeriaren kontrako borrokan buru-belarri dihardu.
Leocadia Bueriberi 8 urte zituela iritsi zen Euskal Herrira Ekuatore Gineatik. Ez zen bere erabakia izan. Familia han utzi, eta izebarenera etorri zen, ikasketak hemen egiteak han prestigio handia duela eta. Gizarte integrazioa ikasten ari da, nerabe beltzen saskibaloi entrenatzaile da, baita arrazializatu eta feministen irratsaio bateko esatari ere. Beti arrazakeriaren kontrako borrokan.
Palmira Dual Irunen bizi den euskal ijito gaztea da. Gizarte integrazioa ikasi nahi du, eta ijitoen ahalduntzea bultzatu eta herria landu eta ikusarazten dabil lanean Kale Dor Kayiko elkartean. Euskal Herrian jaio eta beti bertan bizi izan bada ere, kanpotar sentiarazten dute ijito izate hutsagatik.
"Ur Handitan" asteartero izaten da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.