22:30ean
Gaur gauean, "Ur Handitan" saiotik pasatu diren pertsonen berri izango dugu
EiTB
Aurreko ataletako protagonistek itxiera egoera nola bizi duten azalduko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Ur Handitan" saioaren lantaldea eta kamera aurrean jartzen diren pertsonen artean lotura bereziak sortu izan dira. Ideia horri tiraka, saiotik pasatutako pertsonek konfinamendua nola bizi duten jakiteko, aurreko ataletako protagonista batzuen berri izango dute. Bakoitzak bere errealitate berezian egoera hau nola bizi duen azalduko du.
Gorka Presilla eta Sabin Kortaberria Zaldibarko ospitale psikiatrikoan ezagutu genituen. Gaixotasun mentala duen norbaitentzat zer eragin du itxialdiak?
Geronimo Nazabal artzaina Oiartzunen dago orain, ardiak Aralarrera igotzeko zain. Zertan eragin dio artzaintzari koronabirusak?
Haur minbiziari buruzko saioaren protagonista izan ziren Urko Anton eta Eider Mujika. Egun hauetan, Urkok azken bisitak egin behar izan ditu medikuarenera. Zer moduz daude? Nola bizi dute itxialdia?
Fontxo Cantera Barakaldoko harrera sareko kidea da, eta kalean bizi direnen egoera gertutik ezagutzen du. Haren etxean bizi da Said Ben Sghir gazte marokoarra. Nola bete konfinamendua kalean bizi bazara?
Xua amona Mari Carmenekin dago etxean Gabonetatik. Hiru urte bete zituenean, kartzelatik atera, eta gurasoengandik banatu zuten. Amonarekin bizitzen jarri eta gutxira, koronabirusaren krisialdia iritsi da. Nola bizi dute egoera hau amonak eta bilobak?
"Ur Handitan" saioa etxetik egiten jarraitzen dute, eta gaur gauean, 22:30ean, Zer moduz? Aspaldiko! atala eskainiko dute ETB1en eta eitb.eus-en.