Itxi

22:30ean

Lanbide ibiltariak hizpide nagusi, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EiTB

Leer en Castellano

Herri zein hirietara, azoka zein plazetara, eguzkiaren izpien konpainian zein euripean, hara eta hona mugitzen direnak izango dira protagonista atal honetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nomadak balira bezala bizimodu ibiltaria dutenen inguruko saioa prestatu du Euskal Telebistako "Ur Handitan" saioak. Inoiz imajinatu duzue nolakoa den zirkuan lan egiten dutenen bizitza? Eta barrakak jartzen dituzten horiena? Merkatura joan izan garenetan, inoiz pentsatu al dugu saltzaileen lanbideaz? Artisauak ere bihurtzen dira beraien produktuen saltzaile, hango eta hemengo azoketan.

Arrazoi ezberdinengatik bidaiatzen dute, leku ezberdinetara, modu ezberdinean, baina guztiak herritarrekin harremanetan, beraien lanbidea gauzatzen duten bitartean. Udara izaten da askorentzat urtarorik onena, orduan ateratzen baitute fruiturik gehien. Baina aurtengoa ez da sasoirik onena: argi dago koronabirusak gogor astindu duen sektorea dela.

Il Circo Italiano, esaterako, ia hiru hilabetez Beasainen geldirik egon da, koronabirusak bete-betean harrapatu ostean. Hala ere, berriro martxan dira, eta "Ur Handitan"eko lantaldea beraiekin izan da Covidak eragindako osasun-krisiaren ondorengo lehen ikuskizunean. Bertaratutakoekin batera gozatu dute, bai aurreko muntaketaz eta baita emanaldiaz ere. 33 nazionalitate eta 55 langile biltzen ditu zirkuak, eta emanaldirik egin ezin izan duten bitartean ez dira besoak gurutzatuta egon, saioak lantzen eta entseatzen jarraitu baitute. Saioak egindako bisitan, zirkuaren barruko bizitza nolakoa den ere ezagutu ahal izan dute, ikusten ez dena, alegia: non eta nola bizi diren. Horretarako, zirkuaren jabeetariko bi diren Devis Rossi eta Sonia Mirandarekin, Pau Sarraute artista polifazetikoarekin eta Iker Mediavilla zirkuko administrazio-lanaz arduratzen denarekin elkartu dira.

Ume eta nerabeek ere pairatuko dute koronabirusaren eragina, aurten ez baitute, momentuz behintzat, arrakasta handia izaten duten barrakez gozatzeko aukerarik izango. Hala kontatu dio Eusebio Alvesek Xabier Madariagari. Alves txiki-txikitatik ibili da barraka artean murgilduta: lehenengo, gurasoenetan, eta, gaur egun, berak eta bere anai-arrebek dituztenetan. Ikasketak utzi, eta barraketan lan egiteari ekin zion Alvesek. Umeen poztasuna bilatzen du bere lanean, eta gustura aritzen da urtean-urtean. Lan gogorra dela aitortzen du, baina orain beren etorkizunak kezkatzen du: lan egin nahi duten eta kalera ateratzeko guztia prest duten arren, ez daukate horretarako baimenik.

Nourdine Ouafa Arrasaten bizi da, baina inguruko herriak bisitatzen ditu, herriz herri eta azokaz azoka eramaten baititu saltzeko arropak. Goizean goiz hasten du jarduna, eta guztia muntatu ostean ekiten dio salerosketari. Marokotik etorri zen bere aita, eta haren lanbidea hartu du Nourdinek; lanbide nekagarria den arren gustura lan egiten duela azaldu dio Xabier Madariagari. Astelehenetan Aretxabaletako merkatuan egoten da, eta "Ur Handitan" bertara joan da, pandemiaren osteko lehen azokara. Bertan, bezero eta saltzaileen ohiturak ezagutu ditugu. 

Gorane Guillen Elorrioko artisauak ere ongi asko daki zer den azoka batetik bestera ibiltzea. Poltsa, motxila eta bestelako artisau lanak egiten ditu eskuz, guztiak esklusiboak. Sortzea maite du, eta, berarentzat, azokak dira egindako horiek bistaratzeko erakusleiho onena. Urtean plaza ugaritara eramaten ditu bere artisau lanak, eta horietan saltzen duenari esker bizi da. Koronabirusak, baina, bertan behera utzi ditu egitekoak ziren hainbat eta hainbat azoka, eta, hori dela eta, saltzeko moduan bilatu behar izan du irtenbidea bitartean.

"Ur Handian" saioak Ibiltariak atala eskainiko du gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)