Itxi

22:30ean

Iragan ilunak eta etorkizun itxaropentsuak, gaur gaueko "Ur Handitan"

EiTB

Leer en Castellano

Aste honetako protagonistek iraganeko gertaera txarrak sutan erre eta aro berriei ilusioz ekiteko gogoa dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ke, su eta sorginkeria garaia da San Joan gaua Euskal Herrian, ongi errotutako ohitura gurean. Herri, auzo eta baserri ugaritan pizten da sua. Aste honetako protagonistak su baten biran elkartu dira. Ez dute elkar ezagutzen, eta, beren bizipenetatik abiatuz, gertatutakoak ahazteko gogoz eta aurrera egiteko beharrez, oroitzapen txarrak erretzen ikusiko ditugu "Ur Handitan" saioaren azken-aurreko atal honetan.

Urtea hastearekin batera, urtarrilaren 3an, goiz oheratuta zegoen Salvador Madariaga. Baserriak su hartu, eta justu-justuan esnatu ziren bera eta emaztea, Secundina Bergara. Ozta-ozta lortu zuten bizitza salbatu eta bertatik ateratzea. Baina baserriak ez zion eutsi, eta lau pareta geratu ziren zutik. Ordutik, seme-alaben etxean bizi da bikotea. Baserriaren lanak aurrera doaz, eta urtea bukatzerako bertara itzultzea du amets 89 urteko Arantzako gizonak. 

2017an hezurretako minbizia diagnostikatu zioten Roberto Morenori. Donostian bizi zen garai hartan, baina bidaia honek batetik bestera eraman du, eta Oñatin bizi da egun, neska-lagunarekin. Minbiziaren guda luze eta gogor honetan, hanka galdu du Morenok. Azken urteetako amesgaiztoa ahaztu, eta bere ametsaren bila abiatu da, kirola egiteko ahalmena emango dion protesi berri baten bila.

Izaro Lasak heriotza gertu izan du umetatik, aita bere buruaz beste egiten saiatzean eta ahizpa hiltzean, besteak beste. Lehen pertsonan, ordea, duela 8 urte izan zuen heriotza presente. 24 urte zituela, txirrindularitza-proba batean lehiatzen ari zela, istripu larria izan zuen: 9 egun eman zituen zainketa intentsiboetako unitatean sartuta, horietako 4, koman. Ordutik, hutsetik hasi, eta berriro bizitzeari ekin zion. Bere bizitzan mugarri izan zen gertakari horrek iraganeko mamuetatik askatu eta indartsuago hasteko balio izan diola esaten du Ezkioko txirrindulariak.

Ion Olano kazetari eta idazle donostiarrari duela lau urte inguru hasi zitzaion bizitza amiltzen. Bikotekidearekin zuen harremana amaitzeak eta gurasoen etxera bueltatzeak kalamuaren gehiegizko kontsumoarekin nahasi eta depresio latz batean murgiltzea eragin zion. Ionekin batera, zulo sakon horretatik irteteko bidean ezinbesteko garrantzia izan zuen Haize-Gain komunitate terapeutikora joango gara. Bertan, literaturan zentratzea lortu zuen, eta Laranja mekanikoa liburuaren itzulpena argitaratu du. Egun, diagnostiko zehatz bat izateak izugarri erraztu du Ionen bizitza, bera nor den ulertu eta aurrera egiteko argia ematen baitio horrek.

Gaur gauean, Berpiztu erreportajea, "Ur Handitan" saioan, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)