22:30ean
"Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioaren unerik onenak, gaur gauean
EITB MEDIA
Tartean, Everestera egindako lehen igoera, Korrikaren hastapenak edota Martuteneko ihesaldia ekarriko du gogora astearteko saioak.
"Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioa Euskal Herriko iragan hurbilari begira jarri da udazken honetan. Zortzi saiok osatu dute denboraldi berria, azken hamarkadak markatu dituzten politika, kultura eta gizarte gaiak jorratu dituzte bere protagonisten bizipen pertsonalenak berreskuratuz. Gaur gauean, denboraldi berriak utzitako momenturik onenak bildu ditu saioak.
Alde batetik, Everestera egindako lehen igoera (1980) gogoratuko du saioak. "La ikurriña ya ondea en el Everest" bezalako lerro-buruarekin kontatu ziguten garaiko egunkariek euskal espedizio batek Everestera egindako igoera. Bandera munduko tontorrean jartzeko herri oso batek zuen nahia zegoen balentria haren atzean. Martin Zabaleta tontorrera iristea lortu zuen espedizio hark ametsa errealitate bihur zitekeela erakusteaz gain, Euskal Herria mendizaletasunaren mapan jarri zuen.
Horrez gain, lehen Korrikaren hastapenak ere errepasatuko dituzte. Iragarpen ezkorrenen kontra, bederatzi egunean Euskal Herria zeharkatzea lortu zuten bultzatzaileek.
Bestalde, Euskalduna Ontziolaren itxierak 1984an eragindako liskarrak ere gogoratuko ditu programak. Izan ere, Euskal Herriak ezagutu duen azken langile gatazka izan da askorentzat, Felipe Gonzalezen gobernuak Bizkaiko industriaren zutabeetako bat zena ixtera kondenatu zuen ia 3.000 langileren lana kolokan jarrita.
Martutene kartzelako ihesaldiaz ere arituko dira. Hamaika aldiz abestutako istorioa kontatuko du saioak, eta, horretarako, ihesaldiaren zenbait protagonistekin batera, lehenengo aldiz Donostiako Egia auzoan dagoen pisuan, Joseba Sarrionandia, Iñaki Pikabea eta Mikel Albisurentzat hiru hilabetez ezkutaleku izan zen apartamentuan saioko kamerak sartu zirenekoa errepasatuko dute.
1986an Yoyesen hilketak euskal gizartea guztiz astindu zuen, ezker abertzalea barne. Ordizian, Euskal Jaiak ospatzen ziren bitartean, ETAk Dolores Gonzalez Katarain hil zuen, hiru urteko semearekin zegoela. Hainbat testigantza bildu zituen saioak honen inguruan, tartean, bere gertukoek hori guztia nola bizi izan zuten.
Bukatzeko, Josu Muguruzaren hilketa ekarriko dute gogora. Herri Batasuna Madrilgo Gorteetan lehenengo aldiz estreinatzekoa zen 1989ko azaroaren 21ean. Bezperan izan zen koalizio abertzalearen diputatu zen Josu Muguruzaren hilketa, 1989 urtean.
Horiei guztiei errepasoa eginez, memoriaren kutxa irekiko du, gaur, "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioak. 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.