22:30ean
Migranteak hartuko ditu protagonista, gaur gauean, "Ur Handitan" saioak
EITB Media
Euskal Herrira etorritakoen zein atzerrira joandako euskaldunen migrazio-prozesuak azalduko ditu saioak hainbat protagonistarekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zerk bultzatzen du pertsona bat bere bizilekua utzi eta beste herrialde batera migratzera? Gaur gauean, Euskal Herrira etorritako migranteen zein atzerrira joandako euskaldunen migrazio-prozesuak ezagutzera emango ditu "Ur Handitan" saioak. Horretarako, hainbat pertsonaren testigantzak bilduko ditu.
XXI. mendean migrazioak ez du etenik, eta urtero milaka afrikar Europara heltzen saiatzen dira. Victor Lyca da helburu hori lortu zuenetako bat; izan ere, pateran irten zen Senegalgo bere herritik 17 urte zeuzkala. Bere ametsa da alaba Euskal Herrira ekarri ahal izatea. Bestalde, Anaitze Agirre, Irungo Harrera Sareko boluntarioa, Espainiatik Frantziara gurutzatzeko asmotan dabiltzan migranteekin dago harreman etengabean. Harrera Sarearen helburua migranteen ibilbidea ahalik eta duinena izatea da. Khadim Fall senegaldarraren istorioa ere emango du ezagutzera saioak; Bruselara bisitari gisa egindako bidaia baten bidez lortu zuen Espainiara iristea. Hainbat bizileku eta lanbidetan egon ondoren, Ordizian bukatu zuen.
Egun, 113 herrialdetan jaiotako etorkinak bizi dira gure artean. Tarana Karim duela 18 urte etorri zen Azerbaijandik Euskal Herrira, eta emakume eta migrante izateagatik estereotipoak apurtzea tokatu zaiola azalduko du. Man-Kwan Chen Lauren kasuan, maitasunak ekarri zuen Bilbora. Ikasketak amaituta, Errumanian lana aurkitzeko batere aukerarik ez zuelako iritsi zen Anka Pop Ordiziara, duela 15 urte; taberna baten jabea da gaur egun, eta, egunero, euskarazko atsotitz batekin ematen die ongietorria bezeroei. Tetuandik Ormaiztegira, "bizitza hobe baten bila" heldu zen, 10 urterekin, Loubna Ziani. Hasieran, herritarrei azalpen asko eman behar izan ziela oroitzen du, bereziki bere jatorriko ohiturei lotutakoak.
Euskaldunek ere badakite zer den emigratzea. XIX. eta XX. mendean, 25.000 euskal artzain joan ziren Ameriketara. Andres Zabaleta zegamarra eta Santi Hualde zubietarra izan ziren horietako bi. Gerra ostean ez zegoen ezer soberan, eta, beste hainbat euskal herritarrek bezala, emigratzeko erabakia hartu zuten. Beraiek itzuli ziren arren, Loli Dacia bezalakoak ere badaude, Ameriketan euren bizitza eraiki eta hantxe gelditu direnak.
XX. mendearen erdialdean, Espainia hegoaldeko etorkinak industria-poloetara etorri ziren lanera. Bertakoei lana lapurtzera zetozela entzun behar izan zuten hasieran; hala gogoratzen du Manolo Santiago galiziarrak. Paco Tejados, adibidez, 9 urterekin etorri zen Albaceteko Lezuza herritik Ataungo Aia auzora. Aterkiak eskuan hartuta etorri ziren, berriz, Angela Soriano eta bere familia Huelvatik Durangora, duela 59 urte, aitaren lanak ekarrita.
Migranteak protagonista, gaur, 22:30ean, "Ur Handitan" saioan. ETB1en eta eitb.eus-en ikusgai.