22:30ean
"Biescas, 25 urte", gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EITB Media
25 urte pasatu dira Biescasko hondamendia gertatu zenetik. Gertatutakoa gogoratzeko, Xabier Madariagak kanpina ezagutuko du eta ezbeharra gertutik ezagutu zuten pertsonekin bilduko da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aurten 25 urte beteko dira Biescasko Las Nieves kanpineko ezbeharra izan zenetik. Euri-jasa baten ondorioz, Aras uharrean sedimentuak biltzeko presatxoak hautsi ziren eta uholde batek 87 hildako utzi zituen, 13 euskal herritar tartean.
Las Nieves kanpina 1988an zabaldu zuten Biescasen (Huesca). Kanpin moderno, berri eta saritua zen, paraje ikusgarri batean zegoena; mendia gogoko zuten familia askok zuten oporleku. Bertako giroa Irantzu Alzugarairen eskutik ezagutuko dugu, zabaldu zuten urtean egon baitzen bertan familiarekin. Izaskun Muguruza hondarribiarrak, esaterako, "paradisu txiki" gisa gogoratzen du kanpina. Ezbeharra gertatu baino pare bat egun lehenago bisitatu zuen senide eta lagunekin. Rosario Urdangarin eta bere familia, aldiz, zorte-kolpe batek salbatu zituen: Lourdesera txangoa egin zuten ezbeharra izan zen egunean.
1996ko abuztuaren 7an, udako ekaitz baten ondorioz, bi orduz 120 litro ur bota zituen metro koadroko. Aras sakaneko zenbait presa lehertu egin ziren eta uholdeak Aras eta Gallego ibaien elkargunearen albotik egin zuen bidea, eta Las Nieves kanpina suntsitu zuen. Gurasoak eta anai-arrebak galdu zituen bertan Sergio Murillo barañaindarrak. 16 urte zituen orduan eta egun hura nola gogoratzen duen kontatuko du. Iñaki Idigoras oñatiarra urak eraman zuen eta bost orduz egon zen harrapatuta, erreskatatu zuten arte. Iñaki Zubillaga tolosarra haurra zen orduan, baina ez du ahaztuko familia osoa kanpineko komunetako sabaira igota salbatu zela.
Gertatutakoa hurbiletik jarraitu zuen EITBko Iñaki Errea kazetariak. Biescasen izan zen azken orduaren berri emateko, eta kazetari gisa asko markatu zuen tragedia horrek. Hondamendiaren ondorengo egunetan, bilaketa eta erreskate lanetan aritu ziren ehunka lagun, Igor Artieda Nafarroako DYAko boluntarioa tartean. Bestalde, Joxe Mari Mitxelena oiartzuarra Jakan zegoen bere familiarekin eta laguntzen aritu zen, biktimen familiei harrera egiten zein gorpuen identifikazioan. Bailara osoko herritarrek elkartasun handia erakutsi zieten ezbeharraren biktimei eta senideei. Jakan jatetxea eta hotela izanik, janaria eta mantak eramanez lagundu zuen Mertxe Aldanondo ostalari donostiarrak.
Biktimek justiziara jo zuten, eta Elena Melero akusazioaren abokatua saiatu zen frogatzen gertatutakoa ekiditeko modukoa izan zela eta administrazioaren erantzukizuna izan zela kanpina okerreko lekuan egotea; Aras errekaren antzinako ibilguan, alegia. Iñaki Antiguedad Hidrogeologian katedradunaren arabera, "geografia irakurtzen dakien edonork, ezbeharra gertatu aurretik ere, mapa batean gorriz biribilduko luke Biescasko kanpina".
Epaitegiz epaitegi, hamar urtera arte luzatu zen prozesu judiziala. Erantzukizun penalik ez, baina, 2005ean, Auzitegi Nazionalak ezbeharraren errudun jo zituen Espainiako eta Aragoiko Gobernuak.
"Biescas, 25 urte", gaur, 22:30ean, "Ur Handitan" saioan, ETB1en eta eitb.eus-en.