Itxi

22:20ean

"Ur Handitan: Abentura bila", gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Leer en Castellano

Autobusez, itsasontziz, bizikletaz edota furgonetaz abentura bila munduan zehar bidaiatzen dutenen istorioak ezagutuko ditu saioak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur gauean, abentura bila munduan zehar bidaiatzen dutenen istorioak izango dituzte hizpide "Ur Handitan" saioan.

Tolosaldeko abenturazale batzuek lineako autobus zahar bat erosi zuten 1980an, eta, egokitu ondoren, Kenyara autobusean joatea erabaki zuten. Autobus zaharra Nairobin gelditu zen, baina bidaiaren espirituak gaur egun arte iraun du. Nairobiarrek orain dela 40 urte zabaldutako bidea mugarria izan da euskal abenturagintzan, geroztik, beste hainbat abenturazale izan baitira munduan zehar ibili direnak: itsasontziz, bizikletaz, furgonetaz... "Ur Handitan" saioan bidaia horien errepasoa egingo dute abenturazale horien motibazio, helburu eta ametsak ezagutzeko.

Nairobiarrek hainbat bidaia egin dituzte munduan zehar bigarren eskuko ibilgailuak egokituta. Josu Iztueta, Angel Ortiz eta Manuel Mokoroa aitzindariek Nairobira egindako lehen bidaia, Afrikako eta Europako bidaiak edota Ameriketara joan zirenekoak kontatuko dituzte.

1983an, Hondarribiko familia batek itsasontziz munduari buelta ematea erabaki zuen. Santi, Maddi eta bi semeak hamazazpi urte geroago itzuli ziren Euskal Herrira. Euren bizitza markatu duen bidaia hori kontatu dute Urko eta Zigor semeek. Hondarribiarrak erreferentetzat hartuz, Getariako familia batek antzeko abentura bati ekin zion bere belaontzian. Amaia Agirre eta Izar de la Hoz ama-alabek itsasoan ia hamar urtez bizitakoak azalduko dituzte, baita lehorreratzea nolakoa izan zen ere.

Bizikleta hartu eta pedalei eraginez mundua zeharkatu duten abenturazale asko daude, eta horietako batzuekin izango dira. Mikel Garcia elorriarrak argi du munduan barrena bidaiatzen igaro nahi duela bere denbora, eta ideia horri helduta ekiten dio ahal duen guztietan bi gurpilen gainean bazter guztiak ezagutzeari. Yolanda Muñoz, esaterako, bizikleta gainean abiatu zen Gasteizko etxetik Asiarantz, eta bi urtean bizitako esperientziez beteta ekarri zituen zakutoak bueltan. Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarreta, ordea, taldean hasi ziren bizikletaz bidaiatzen, duela zenbait urte. Azken urteetan, bikotean ibili izan dira hara eta hona, baina aurrerantzean semearekin ere elkarbanatuko dute bidea.

Badira egun bidaiatzen bizi direnak ere. Euren burua nomadatzat izan ala ez, protagonista hauek "ohiko bizimodua" alde batera utzi eta munduan zehar bidaiatzen jarraitu dute. Bidaiatzeko pasioak elkartu zituen Josu Larrabeiti eta Ana Luja. Etxea saldu, lana utzi eta kontinentez kontinente bidaiatzen aritu dira azken hamabost urteetan. Iñigo Mendia donostiarra, aldiz, 2015etik bizi da bere furgonetan, bakarrik bidaiatzen.

"Ur Handitan: Abentura bila" gaur izango da ikusgai, 22:20an, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)