Itxi

22:15ean

Erlijiotik aldendu diren lagunen testigantzak, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Xabier Madariagak apaiz eta moja izandakoak, musulman ohiak eta Jehovaren lekuko jardundakoak izango ditu solaskide nagusi.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Erlijioa izan da gure inguruko kultura guztien ardatza: kristautasuna, judaismoa, islama... Milaka herritarrek haien bizitza eskaini diote Jainkoaren zerbitzuari, baina fedeak berezkoa du zalantza ere. Xabier Madariagak egoera hori ondo ezagutzen duten hainbat protagonista elkarrizketatuko ditu "Ur Handitan" saioan, gaur, 22:15ean hasita. 

Apaiz eta moja izandakoak, Jehovaren lekukoak eta musulman ohiak... Nolakoa da haien bizitza erlijio estamentu eta zirkuluetatik ateratzen direnean? Haien arrazoiak, gogoetak eta bizipenak ezagutuko dituzte. 

Marokon, erlijioari erabat lotutako familia batean hazi zen Afaf el Halaoui. Gaur egun, Bilbon bizi da eta 43 urte ditu. Musulmana zeneko momentuak ekarriko ditu gogora, baina baita erlijiotik aldentzea erabaki zuenekoak ere. 32 urte zituela hautsi zuen erlijioarekin zeukan harremana, prozesu gogor bat igarota. Gizarteak onartua izatea besterik ez du bilatzen, baina aitortu du bizitzan hainbat oztopo eta momentu zail bizi behar izan dituela.

11 urte zituela iritsi zen Safouan Afakir bere familiarekin Al Hoceimatik Zaldibarrera. Bere herrialdean erlijioak garrantzia osoa zuen berarentzat eta bere familiarentzat, baina Euskal Herrira iristearekin batera, erlijioarekin zuen harremana aldatu egin zen. Ez du bere burua musulmantzat, eta horrek gaztaroan familiarekiko harremanean eragin dituen gatazkez hitz egin dio gazte marokoarrak Xabier Madariagari. 

27 urtez Jehovaren lekuko izan ostean, duela bi urte komunitatea uzteko erabakia hartu zuen Eder Iglesias basauriarrak. Ia bizitza osoa komunitate horretako kide izan den arren, urruti ikusten du orduan zeukan bizimodua 29 urteko gazteak. Gurasoek Jehovaren lekuko izaten jarraitzen dute, baina berak argi du: orain, "aske" sentitzen da. Gorka Arrien gernikarrak ere gertu-gertutik bizi izan du Jehovaren lekuko direnen bizimodua, bere etxean ere sinesmen berekoak baitira. Gaztetan, etxez etxe predikatzen zuen eta lekukoen batzarretara joaten zen. Baina komunitatetik urrundu, eta mundua ezagutzen jarraitzeko hautua hartu zuen.

Erlijio katolikoan ere badira askotariko gorabeherak bizi izan dituztenak. Alizia Izalek urteetan Eliza katolikoarekin izan duen lotura handia izan da. Apaiz jardun zuen, besteak beste, bere biziak goitik beherako aldaketa jasan zuen arte. Emakumetzat izan du bere burua beti Aliziak, baina 2009ra arte ez zuen publikoki hala zenik adierazi, Elizarentzat "lotsagarria eta bekatua" baitzen.

Joxe Agustin Arrieta ere apaiza izan zen, 48 urte zituela Tolosako parrokiako katekista batekin maitemindu eta harekin ezkontzea erabaki zuen arte. Apaizgoa utzi zuen orduan, eta aitortzen du pena handiz egin zuela. Ahal balu, jarraituko luke lan berean. Prozesu hori nola bizi izan zuen azalduko du programan.

Apaiz izan nahi zuen Andoni Andueza gazte beratarrak ere, eta asmo horrekin joan zen duela 11 bat urte Seminarioko kideekin erretiro batera. Erretiro horretan, baina, bere buruarekin egin zuen topo, eta orduan jabetu zen nor zen, zer nahi zuen eta non egon nahi zuen. Apaiz izateari uko egin, eta beste kristautasun batzuk ezagutzen hasi zen. Eliza utzi zuen; ez fedea, ordea.

Hainbat urtez moja izan zen Mirari Bereziartua emakume azpeitiarra ere ezagutu du "Ur Handitan" saioak eta haren esperientzia jasoko du. 28 urte zituen arte aritu zen moja legez. Ikastolan lan egiteko aukera izan zuen, eta giro horretan gustura zegoela konturatuta, moja izateari uztea erabaki zuen. Argi zuen bere pentsamendu askeei jarraitu behar ziela.

"Ur Handitan" astearteetan izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)