Itxi

Gaur, 22:15ean

Genero identitate bitarretik kanpo bizi diren protagonistak, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Xabier Madariagak ez bitar izateko aukeraren alde egunero borroka egiten duten sei euskal herritar ezagutuko ditu 'Ez bitarrak' erreportajean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gizarte binario batean bizi gara, genero identitateak emakume ala gizon izatean banatuz. Hainbat herritar, ordea, sailkapen horretatik kanpo gelditzen dira. Ez bitar izateko aukeraren alde egunero borroka egiten duten sei euskal herritar ezagutuko ditu "Ur Handitan"ek gaurko saioan.

Elizondoarra da Harri Arrijuria zapataria. Oinetakoez gain, generoa koloreari, usainari, edozeri jartzeko joera dugula dio. Bere kasuan, etiketatze horrek sekulako sufrimendua eragin zion umetatik. Nerabezaroan, garatu ahala, talka hori handitzen joan zen. Egun, pertsona ez bitar bezala identifikatzen da eta hormonazio prozesu bat hastekotan da.

Esti Blanco 30 urteko bilbotarra New Yorken bizi da duela zenbait urtetik. Emakume sentitzen ez zenez, beste aukera bakarra gizon izatea zela pentsatu zuen, baina egun dikotomia horietatik aske bizi da.

Eneko Garcia, burlatarra eta ez bitarra, gizon bezala identifikatu zuen gizarteak umetatik. Berak dioen bezala, inork ez zion inoiz zer zen, nor zen, galdetu. Ez gizon, ez emakume izate horretan, bidea bakarrik egin behar izan zuen, inongo erreferenterik gabe. 2018an sortu zuen Albina Stardust, bere drag izaera, bere ez bitartasun horretan ahalduntzeko ezinbesteko tresna.

Asier Rikarterentzako ordea, eredu bilakatu zen Eneko, bera baino pare bat urte helduagoa zen gaztetxo hura. Hala ere, ez du bide erraza izan, berak azaltzen duenez egunerokoak baitira begirada, hitz itsusi eta bestelakoak. Azken finean, genero estereotipoak deseraikitzeak badu bere zama.

Iris Domínguez, Iruñeko trans ez bitarrak, bere identitatearekin eroso sentitzeko bidea luzea bezain gogorra izan dela dio. Bere buruaz beste egiteko zorian izan zen iraganean. Hala ere, mundu mailan pertsona ez binarioek dituzten zapalkuntzekin alderatuta, zortedun sentitzen da.

Josebe Iturrioz transfeministak, bere bizipenetatik, bitartasun horretatik kanpo egoteak nola eragin dion azalduko du.

Ez bitarrak erreportajea gaur honetan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

 

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)