Itxi

22:15ean

Bizitzaren markak aztertuko ditu "Ur Handitan" saioak gaur gauean

EITB Media

Leer en Castellano

Jaiotzen garenetik markak pilatzen hasten gara eta Xabier Madariagak horien jatorri eta ondorioez hitz egingo duten protagonistak elkarrizketatuko ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jaiotzen garenetik markak pilatzen hasten gara: zilborretik hasi eta zimurretaraino. Eta, bitartean, marka ezberdinak biltzen ditu norbere gorputzak: denonak ezberdinak, guztienak istorio desberdinetatik eratorriak. Azala gure bizitzaren isla bilakatzen da, hasieratik bukaerara, eta berarekin eramaten ditu bizitzaren markak. Gaurko saioan, marka horien jatorri eta ondorioez hitz egingo duten protagonistak elkarrizketatuko ditu Xabier Madariagak ETB1ko "Ur Handitan"en.

Oroitu ez arren, gure zilborrek badute atzean istorio bat, gure jaiotza azaltzen duen kontakizun bat. Bizitzaren lehen marka horiez jardun dira Oihana Cabello, bere alaba Enetz eta Maren Martitegirekin, eta Aintzane Arteaga bere semea Pello Melendezekin.

Zilborraren markaz gain, Rotxu eta Jone Gonzalezek badituzte bizitzaren marka gehiago ere. 11 hilabeteko aldea duten ahizpak dira. Beraien arteko lotura begi-bistakoa da, eta urte askoz lotura sentimentala izan dena, lotura fisiko bat ere bilakatu zen. Izan ere, Jonek giltzurrun bat eman zion bere ahizpa Rotxuri. Prozesu gogorra izan arren, familiarteko maitasun istorio bat bilakatu zuten gure protagonistek.

Bestelako orbainak nabari zaizkio gorputzean Aitor Segura gazteari. 2013ko abuztuaren 9a inoiz ahaztuko ez duen data da zarauztarrarentzat. Istripu baten ondorioz, su hartu zuen bere gorputzaren %80k. Bizitza osorako geratu zaizkion azaleko markei erreparatzean gogora ekartzen du ordutik gaur eguneraino egindako lan guztia. Berarekin eta haren lagun Mattin Camposekin ospitalean igarotako momentuak zein aurreko bizitza berreskuratzeko urteak gogoratuko ditu gaur, Xabier Madariaga aurkezleak.

Amaia Villacorta gazte ondarroarrak Fuerteventuran izandako istripu baten ondorioz 12 orbain ditu gorputzean. Bizitakoak ondorio fisiko nabarmenak utzi zizkion arren, kristalarenganako beldurrarekin bizitzen ikastea prozesu zailago bat bilakatu zen.

Urteen poderioz, beste orban batzuk ere gehitzen zaizkio gure azalari: zimurrak, esaterako. Horiek ere ondo bizitako bizitzaren seinale izan daitezke. Hala dio, behintzat, Loli Bilbaok. Gatikako bizilagunarekin eta Manu Arrizabalaga, Jose Ramon Bilbao eta Agueda Dominguez lagunekin beraien marken errepasoa egin, eta jolastuko dute.

‘Bizitzaren markak’ saioa astearteetan izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)