22:30ean
Donejakue bidean murgilduko da "Ur Handitan" saioa gaur gauean
EITB Media
Xabier Madariagak Orreagan hasi eta Vianarako ibilbidea egingo du hiru etapatan. Nafarroa gurutzatzen duen bidea, oinez eta bizikletan, eta bidean aurkituko dituen istorio pertsonalak bilduko ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donejakue bidea mundu osoko erromesek Santiago de Compostelara iristeko egiten duten bidea da. Erdi Aroan, gehienbat, arrazoi erlijiosoek bultzatuta egiten zuten bidea, baina gaur egun, mundu osoko erromesak ibiltzen dira bidean zehar, eta hainbat dira bidea egitera bultzatu dituzten zioak: kirola egitea, turismoa, norberaren mugak gainditzeko istorioak, unibertsitaterako kredituak eta eztei bidaiak, besteak beste. Askotarikoak dira Donejakue bideak ere, baina ezagunena Frantsez bidea deritzona da, Donibane Garazin edo Orreagan hasi, eta Santiagorainokoa. Gaurko "Ur Handitan" saioan, bidearen xarma, bidea ezagutu eta bertaratzen direnen arrazoiak ezagutzeko asmoz, Xabier Madariagak Orreagan hasi, eta Vianarako ibilbidea egingo du hiru etapatan. Nafarroa gurutzatzen duen bidea, alegia, oinez eta bizikletan.
Bideari ekiteko, Irurara joango da Madariaga. Bertan, Maritxu Usabiaga Jonsansoro 81 urteko emakumea ezagutuko du. Jubilatu ondoren izandako pneumonia batetik errekuperatuta hasi zen bidea egiten; 45.a du martxan. Xabier Madariagak gomendioak eskatuko dizkio bere bideari ekiteko. Aurkituko dituen erromes kanpotarrez gain, aterpeetako jendea eta bidea egiten lagunduko dioten euskal herritarrak izango ditu aldamenean.
Orreagan hasi, eta Zubiriraino egingo du Xabier Madariagak oinez lehen egunean. Auritzen, Ander eta Maider Otegi Iriarte aurkituko ditu, Auritzen jaiotako bi anai-arreba. Maiderrek, 26 urte zituela, minbizia pasatu zuen, eta, ordutik, biak elkarrekin denbora pasatzeko bidaiak egitea otu zitzaien. Betidanik, mendia izan da beraien hautua, pandemia iritsi zen arte. Auriztarrak izanik, ohituak dira biak umetatik erromesak herrian zehar ikustera. Pandemiaren eraginez hori gutxitu, eta biek bidea egiteko erabakia hartu zuten. Anderrek Auritzen Lorentx aterpetxea irekitzeko erronka hasia zuen, eta bidean zehar, ideiak hartu zituzten.
Zubirin gaua igaro ondoren, bizikleta hartu, eta Zubiri-Iruñea-Lizarra etapa egingo du Madariagak. Zubirin, Mikel Bidaurre Barandalla aurkituko du. Gurpildun aulkian dago Bidaurre, 2008an izandako moto istripu baten ondorioz. Kirolzale amorratua izan da beti, eta errekuperatu bezain pronto, handbikean ibiltzen hasi zen; hala egin du bi aldiz Donejakue bidea.
Azken etapa Lizarran hasi eta Vianan bukatzeko, Javier Agirre Erdoiza eta Ester Garcia Urien bikote durangarra izango du ondoan Madariagak. Norvegian hasi, eta Santiagoraino bizikletan egin du bidea bikoteak, 52 egun bizikletan. 2014an, giltzurruna transplantatu zioten Agirreri, eta organoen donazioak duen garrantzia erakustea dute helburu egindako bidean.
Bidearen xarma arakatuz, paisaia zoragarrietan barrena, gaur, "Ur Handitan" saioan, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.