Itxi

Ostegunero, 22:30ean

"Ur Handitan" saioaren denboraldi berria, gaurtik aurrera, EITBn

EITB Media

Leer en Castellano

Xabier Madariagak aurkeztuta, oraingoan ere elkarrizketak, sakoneneko hausnarketak eta gertuko lekukotzak bilduko dituzte, baina berrikuntza batekin: ikus-entzuleek sare sozialen bitartez proposatutako gaien inguruan. 'Sexua 3.0' izenburua du denboraldi berriko lehen atalak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bueltan da Xabier Madariaga kazetariak aurkeztutako "Ur Handitan" saioa. Gaur, maiatzak 11, estreinatuko da ETB1eta eitb.eus-en denboraldi berria, 22:30etik aurrera.

Formatuaren jatorrizko esentziari jarraiki, oraingoan ere, arantza ugari bipiltzera dator zortzigarren denboraldia. Hori bai, berrikuntza nabarmenarekin: saioan jorratuko dituzten gaiak euskal gizartearen proposamenetatik abiatuko dira. Azterlan gisa, eta modu berritzailean, inkesta eta galdeketa deialdia egin dute sare sozialetan eta, hala, gazteei ahotsa emanez, beraien kezkekin bat egingo du "Ur Handitan" programak. Ohi bezala, gai horien inguruko buruz buruko elkarrizketak, sakoneneko hausnarketak, gertuko testigantzak eta lekukotzarik hunkigarrirenak jasoko ditu Madariagak.

Sexua 3.0, denboraldiko lehen atala

Sexuaren komertzializazioak aurkitu dituen bide berriak aztertuko dituzte gaur gauean. Sexua 3.0 izenburupean, online plataformak, helduentzako edukiak, porno biguna eta sexuaren komertzializazioa zaku berean sartzen dituen fenomenoa jorratuko du denboraldiko lehen saioak.

Onlyfans, Loverfans, Justforfans, Darkfans… egunetik egunera zerrenda luzeagoa da. Gazteenen artean eskura erraza, erakargarria eta tentagarria da guztiz; eta helduagoenen artean, berriz, ezezaguna. Zerk lotzen ditu erabiltzaileak? Zer eduki sortzen dira? Norentzat? Zergatik? Zer eragin izan dezake honek guztiak gazteenengan? Galdera asko sortzen ditu kanpotik barruranzko begiradan. Fenomeno berrian sakontzeko, zenbait euskal sortzailerekin eta aditurekin elkartuko da Xabier Madariaga.

Aitor 25 urteko sortzaile gazteak, adibidez, lan prekarioetan eskarmentua izan ostean argazkigintza erotikoan aurkitu zuen bere tokia.

Ixone 27 urteko gazteak, berriz, hilabete batzuk eman zituen eduki erotiko sortzaile gisa. Hasiera batean dirua egiteko bide erreza izan zitzaion arren, mundu honetatik irtetea erabaki zuen. Sexuaren estigma sozialak, emakumearen kosifikazioa, plataformaren zentsura mugak eta jasandako jazarpenak plazaratuko ditu.

Anonimotasunari eutsi nahi dion erabiltzaile batek plataformen zabaltasuna islatuko du. Elkarrizketatuko diren sortzaileen artean beteranotasunaren kartarekin jokatzen duen emakumea da, eta gustuko lanean diharduela aitortuko dio Xabier Madariagari. Kuleroak saltzen ziren foro baten berri izan eta dirua egiten hasi ostean, fetitxismora bideratutako plataformetara jo zuen.

Ainara informatikari eta hezitzailearen eskutik online plataforma horien "B" aldea ezagutuko dugu. Plataformaren erraiak ezagutzeko kontu faltsu bat sortu zuen eta erabiltzaileak bultzatzeko eta eragiteko ikusi zituen barne-estrategien berri emango dio Madariagari. Aztarna digitala dela-eta, plataformek duten irudi eskubideen politika ere mahaigaineratuko du.

Noa Emargi taldeko gizarte hezitzaileak, azkenik, kritika feminista eraikitzailetik jorratuko du gaia, eta sexu-kosifikazioari, ahalduntze faltsuari eta prostituzioari jarraikortasuna ematen dioten modu berriak direla azpimarratuko dio Xabier Madariagari.

Sexuaren komertzializazioak aurkitu dituen bide berrien nondik norako guztiak, gaur, maiatzak 11, "Ur Handitan: Sexua 3.0" atalean. 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)