ETB1
Barbara Goenagak gidatuko du "Ztanda" musika talent show berria
EITB MEDIA
Euskal Herriko abeslari onena aukeratuko duen lehiaketa urrian hasiko dira grabatzen eta hamahiru lehiakidek hartuko dute parte.
Barbara Goenaga aktorea izango da ETB1ek udazken honetan estreinatuko duen "Ztanda" talent showaren aurkezlea. Bertan, abeslari izan eta milaka pertsonaren aurrean kantatzeko desioa duten hamahiru lehiakidek hartuko dute parte. Garai guztietako euskal kantak interpretatu beharko dituzte, baita nazioartekoak ere; batzuk jatorrizko bertsioan eta beste batzuk eguneratuta. Hiru adituk epaituko dute haien lana eta irabazleak 15.000 euroko saria eskuratuko du.
Programa bakoitzean bi kanta abestu beharko dituzte, eta astez asteko kanporaketa gaindituz gero, finalera iritsiko dira. Astero gai edo euskal musikagintzaren aro bat izango dute ardatz. Hala, hamarkada ezberdinetan musikaren ikur izan diren talde eta abeslarien doinuez gozatzeko aukera izango da ETB1eko saioan.
ETB1eko lehiaketa berriko 12 lehiakide casting bidez aukeratuko dira, eta horretarako, ztanda.k2000.com webgunean eman behar da izena. Horrez gain, hamahirugarren lehiakide bat aukeratuko da abian jarri den on line lehiaketa bidez. Sare sozialetara bideoa igotzen duten lagunen artetik, abeslari onenak zuzeneko sailkapena lortuko du talent-showean parte hartzeko. Horretarako, norberaren TIK TOK edo INSTAGRAM kontuetatik bideo bat igo dezakete a capela kantatuz, #ZtandaETB traola erabiliz.