22:00etan
"Ztanda" saioren final handia, igande honetan, ETB1en eta eitb.eus-en
Julen Leturiondo, Danel Arteaga, Miriam Lujua, Erik Retamosa eta Naiara Trifol Euskal Herriko abeslari onenaren titulua eta 15.000 euroko saria eskuratzeko lehian izango dira. 300 lagun inguruk jarraituko dute ekitaldia Bilboko Campos Elíseos Antzokian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Urriaren 29an abian jarri zen "Ztanda" talent showaren final handiaz gozatzeko aukera izango dugu igande honetan (urtarrilak 14), ETB1en eta eitb.eus-en. Julen Leturiondo, Danel Arteaga, Miriam Lujua, Erik Retamosa eta Naiara Trifol izango dira lehian, eta bost finalistetako batek Euskal Herriko abeslari onenaren titulua eta 15.000 euroko saria eskuratuko ditu. Barbara Goenagak eta Iker Villak gidatuko dute jendez gainezka izango den Bilboko Campos Elíseos Antzokiko gala.
300 gonbidatu inguru elkartuko dira bertan, horien artean bost finalisten senideak eta lagunak, baita programan parte hartu duten beste 8 gazte talentudunak ere. Beste behin ere, Leire Martinezek, Klara Mendizabalek eta Kiliki Frexkok osatutako epaimahaia arduratuko da hiru fasetan banatuko den finaleko emanaldiak baloratzeaz.
Lehenik eta behin, Julenek, Danelek, Miriamek, Erikek eta Naiarak abesti bana interpretatu beharko dute. Egindako lanaren arabera, hiru lehiakide bigarren fasera pasatuko dira. Final handia bi parte hartzaile onenen arteko aurrez aurrekoa izango da. Gainera, ekitaldian zehar, lehiaketaren bederatzi asteetan zehar egindako emanaldi onenen zatiak ikusteko aukera izango dugu.
"Ztanda making of" saioa, ondoren
Finala amaitu ostean, 23:20ean, Iker Villak gidatutako saio berezia izango da ikusgai. Bost finalistak ondoan dituela, azken saioko unerik onenak gogoratuko dituzte, agertokiaren atzealdean gertutakoa erakutsiko dute, baita emititu gabeko irudiak ere, tartean, epaimahaiko kideen iritzi pertsonalak.
Urtarrilaren 14an, 22:00etatik aurrera, "Ztanda" talent showaren final handia, ETB1en eta eitb.eus-en.