Itxi

Bigarren denboraldia

"Ztanda", Euskal Herriko artistarik onena topatzeko musika lehiaketa handiena, urrian itzuliko da ETB1era

EITB Media

Leer en Castellano

Urriaren 6tik aurrera, hamahiru lehiakidek hartuko dute parte Barbara Goenagak eta Iker Villak aurkeztutako saioan, 15.000 euroko saria jokoan dela. Aurrez, lehiaketan parte hartzeko egindako castingen nondik norakoak izango dira ikusgai.

"Ztanda"ko aurkezleak eta epaimahaiko kideak

Euskal Herriko artistarik onena topatzea helburu duen Ztanda saioa laster itzuliko da Euskal Telebistara. Barbara Goenagak eta Iker Villak aurkeztutako musika talent showaren bigarren edizioa urriaren 6tik aurrera izango da ikusgai ETB1en, igandero. Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria, Klara Mendizabal sopranoa, Alex Sardui Gatibuko abeslaria eta Beñat Rodrigo Kiliki Frexko Chill Mafia taldeko kide eta abeslaria arituko dira abeslarien jarduna epaitzen. 

Barbara Goenaga eta Iker Villa

Bi berrikuntza dakartza aurten Ztanda saioak: batetik, Miramongo plato ikusgarrian jokatuko dela lehia; bestetik, ikusleek aukeratu ahal izango dutela zein lehiakide kaleratuko den eta zein salbatu saio bakoitzeko amaierako dueluan. 

Aurten ere 13 lagun arituko dira lehian, hamar astez. Artistarik onenak 15.000 euroko saria eskuratuko du, baita Euskal Herriko abeslari onenaren titulua ere. Miriam Lujua izan zen aurreko edizioko irabazlea.   

Lehiakideek garai guztietako euskal kantak interpretatu beharko dituzte, baita nazioartekoak ere. Emanaldiak prestatzeko bi coach izango dituzte: Adrian Garcia de los Ojos musikaria, ahotsa lantzen laguntzeko; Paula Bujanda dantzaria, koreografiak prestatzeko.