Koronabirusa
12 eta 15 urte bitarteko nafarren % 53,4k txertoa hartu dute edo txertatzeko hitzordua dute jada
Agentziak | EITB Media
Foru Gobernuak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da txertoa hartzea, bai kutsatzeak prebenitzeko, bai ospitaleratzeak eta heriotzak saihesteko. Aste honetan, 32.173 txerto jarriko dituzte Nafarroan.
12 eta 15 urte bitarteko nafarren % 53,4k covid-19aren aurkako txertoa hartu dute edo txertatzeko hitzordua dute jada. Hain zuzen ere, adin-tarte hori duten 26.297 nafar dira horiek (12 urtetik gora helburu diren biztanleak, berriz, 29.148 nafar).
Hala jakinarazi du Foru Gobernuak, joan den ostegunean adin-tarte horretako herritarrentzako hitzordua hartzeko aukera aktibatu ondoren; izan ere, gaur egun horiek dute intzidentzia-tasa handiena.
Osasunbideak, alegia, Nafarroako Osasun Zerbitzuak, SMS bat igorri zien adin txikiko horien familiei, hitzordua webgunean eskatzeko esteka batekin. Gurasoek edo legezko tutoreek baimena eman beharko diete adingabeei, baldin eta ez haiekin batera ez badoaz esleitutako txertaketa-gunera.
Testuinguru horretan, txertoa hartzeko aurretiko hitzordua eska daiteke jada, webgunean bertan edo ondorengo telefono-zenbakietara deituz, bakoitzari dagokion oinarrizko eremuaren arabera: 948 370 130 Iruñeko eremurako, 948 370 135 Lizarrako eremurako eta 948 370 140 Tuterako eremurako.
Foru Gobernuak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da txertoa hartzea, bai kutsatzeak prebenitzeko, bai ospitaleratzeak eta heriotzak saihesteko. Izan ere, txertoen eraginkortasunari buruzko azterlan teknikoetan oinarritutako datuen arabera, txertaketari esker infekzioen % 78 eta ospitaleratzeen % 91 ekidin daitezke.
Txertaketa prozesuari dagokionez, aste honetan 32.173 txerto jarriko dituzte Nafarroan. Igandean, 2.612 dosi jarri dituzte, eta pandemiaren hasieratik 835.071 txerto jarri dituzte jada Nafarroan.
Orain arte, 416.736 pertsonak jaso dute pauta osoa Nafarroan (% 71,7), atzo horietako 540k bigarren dosia jaso ondoren.
Astelehen honetan, Pfizerrek prestatutako txertoaren 37.440 dosi jaso dira (23.400 dosi izan ohi dira, eta 14.040 dosiko aparteko beste bidalketa bat ere heldu da). Hala, Foru Erkidegoan guztira 888.125 dosi jaso dituzte orain arte (gaur jasotako Pfizerren txertoaren dosiez gain, ostiralean Modernaren 8.100 dosi jaso zituzten).