Euskararen Eguna
Euskararen Nazioarteko Egunak ospakizuna eta aldarria uztartuko ditu
EITB Media
Aste osoan zehar Euskal Herri osoan antolatu diren ekitaldien bidetik, euskara babesteko, euskara ospatzeko eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko dozenaka jarduera izango dira gaur ere, herri ekimenekoak nahiz erakundeek antolatutakoak.
Abenduaren 3arekin batera ospatuko da, beste urte batez, Euskararen Nazioarteko Eguna, eta igandean ez ezik, asteburuan eta horren aurreko egunetan ere, kontaezinak dira Euskal Herri osoko hiri, herri eta auzoetan antolatutako ekitaldiak.
Izan hitzaldiak, kontzertuak, bertso saioak, ginkanak, zine emanaldiak, jolasak edo jarduera gastronomikoak, denek dituzte helburu bera: euskara babestea, euskaraz gozatzea eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzea.
Batu ditzagun ahotsak, eraldatu dezagun etorkizuna lelopean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunerako, ekitaldi andana antolatu dute erakunde publikoek ere. Gaur, igandea, esaterako, ekitaldi instituzionala egingo du Eusko Jaurlaritzak Donostian, Tabakaleran. Bertan izango da Iñigo Urkullu lehendakaria, hainbat sailbururekin batera. EITBko hedabideek arretaz jarraituko dute Euskararen Eguna, eta ekitaldi instituzional hori ETB1en eta eitb.eus-en eskainiko da, 15:00etan.
Aurtengo Euskararen Egunak badu, gainera, beste ardatz bat ere. Hain zuzen ere, duela aste batzuetatik martxan den Gaitu ekimena, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak bultzatua. Ekimen horrek ahalik eta herritar gehienen milaka ahots biltzea du xede, teknologiari euskara erakusteko, adimen artifizalak euskaraz egin dezan.
Gaitu.eus atarian sartu eta bi modutara lagun dezakete herritarrek zeregin horretan: idatzita dauden esaldiak irakurriz, ozenki grabatzen den bitartean, edo beste hiztunek grabatutako esaldiak entzun eta baliozkotuz. Bi hilabetean, 170.000 esalditik gora grabatu dituzte 8.000 lagunek baino gehiagok. Ia 500 ordu guztira. Horiek baliozkotu eta berriak grabatzea beharrezkoa da, ordea, helburua lortzeko.