Kargatzen...
Itxi

Merkataritza libreko ituna

AEBk eta Mexikok NAFTA berritzeko aurreakordioa adostu dute

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

AEBk eta Mexikok astelehenean sinatu duten merkataritza libreko aurreakordioak 16 urteko iraupena izango du, eta sei urtean behin akordioa berrikusteko aukera izango dute bi aldeek.

Donald Trump, Etxe Zuriko bulego obaletik Enrique Peña Nietori egin dion teléfono bidezko deian. EFE

Ameriketako Estatu Batuak eta Mexikok Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna (NAFTA, ingelesezko sigletan) berritzeko aurreakordioa adostu dute astelehenean, Donald Trump AEBko presidenteak jakitera eman duenez. Kanada, hirugarren bazkide ohia, merkataritza alorreko akordio berritik kanpo geratu da oraingoz, baina horrek ere bat egitea nahi dute AEBko eta Mexikoko presidenteek.

"Bi herrialdeentzako akordio soilagoa eta hobea lortu dugu", adierazi du Trumpek, eta Kanadak merkataritza alorreko hiru aldeko negoziazioetan laster parte hartuko duela iragarri du agintariak.

"Hainbat hilabete iraun duen negoziazio konplexua eta neketsua izan da. Une zailak izan ditugu, baina aurreakordioa adostu dugu azkenean", nabarmendu du Enrique Peña Nieto Mexikoko jarduneko presidenteak.

Trumpek jakinarazi duenez, bi herrialde horien artean lantzen ari diren akordio berria Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko merkataritza akordioa izenarekin izango da ezaguna oraingoz, NAFTA izenak "konnotazio txarra duelako estatubatuarrentzat". Izan ere, atzean utzi duten akordioa "inoiz sinatutako merkataritza itun txarrena" zela esan zuen Trumpek AEBko presidente izendatu zutenean, eta "nahitaez aldatu behar da", gaineratu zuen.

"Akordio ezin hobea da bi aldeentzat, baina batez ere langileentzat eta herritarrentzat", azpimarratu du AEBko agintariak hitzarmenaren berri eman duenean.

Trumpek jakinarazi duenez, akordio horretara Kanada batzeko elkarrizketak "laster" hasiko dituzte. Ildo horretatik, airean aukera desberdinak daudela esan du AEBko presidenteak: Kanadarekin alde biko beste akordio bat bilatzea edo astelehenean lortutako akordioa berarekin batera sinatzea.

Horretarako, Justin Trudeu Kanadako lehen ministroarekin laster hitz egingo duela esan du Trumpek. Hala ere, merkataritza libreko itun berria negoziatu nahi ez badu, autoen gaineko muga-zergak ordaindu beharko ditu Kanadak.

Bestalde, AEBrekin merkataritza alorreko beste akordio bat sinatzeko prest agertu da Txina, baina Trumpek berehala erantzun dio: "Orain ez da horretarako une aproposa".

Donald Trump, Etxe Zuriko bulego obaletik Enrique Peña Nietorekin telefonoz hizketan. EFE

Itun berriak 16 urte iraungo du

AEBk eta Mexikok astelehenean sinatu duten merkataritza libreko aurreakordio berriak 16 urteko iraupena izango du, eta bi aldeek akordioa berrikusteko aukera izango dute, Robert Lighthizer AEBko Merkataritza idazkariak jakinarazi duenez.

Hala, sei urtean behin ituna beste 16 urtez luzatzeko aukera aurreikusten du akordioak, betiere bi herrialdeak ados badaude.

Halaber, autoen merkataritzari dagokionez ere, akordioa lortu dute AEBk eta Mexikok, baina Mexikotik AEBra eramaten dituzten altzairuen eta aluminioen gaineko zergak indarrean izaten jarraituko du AEBk, gai hori ez baitute akordio berrian jorratu.

Ondorioz, akordioa indarrean sartzen denetik sei urtera ituna beste hamasei urtez luzatu edo ez aztertuko dute bi aldeek. Horrenbestez, sei urtean behin akordioa berresteko aukera zabalik utzi dute.

Albisteak (1)