Itxi

Armagabetzea

Iratchet (Fronte Nazionala): 'Ez gaude presoak hurbiltzearen kontra'

EITB.EUS

Leer en Castellano

Alderdi ultraeskuindarrak Pirinio Atlantikoetan duen buruzagiak esan du armagabetze prozesuan parte hartu ez duten arren, ez daudela aurka.

Jean Michel Iratchet. Argazkia: EiTB

"Fronte Nazionalean ez gaude presoak hurbiltzearen kontra", adierazi du Jean Michel Iratchet alderdi ultraeskuindarrak Pirinio Atlantikoetan duen buruzagiak. "Ez dugu nahi euren senitartekoengandik urrun egotea, guk ere badugu arima", erantsi du. Dena dela, justizia eta politika nahastu behar ez direla azpimarratu du.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, bakearen alde daudela nabarmendu du Iratchetek, betiere "hilketak egin dituzten horien ardurak ahaztu barik". Fronte Nazionalak izan ezik, Iparraldeko alderdi guztiek egin dute ETAren armagabetzearen alde. Horri buruz galdetuta, politikariak esan du Estatuei dagokiela armagabetzearen gaia, ez alderdiei. Are, zehaztu duenez, "guk ez dugu esan armagabetzea nahi ez genuenik. ETAk egindakoa aitortu behar du eta desegin behar da".

Euskara hizpide, Iparraldean hizkuntza sustatzearen alde egin du Iratchetek, eta hala eskatzen zuten proposamen guztiak babestu dituztela nabarmendu. Iratcheten ustez, "euskara Frantziako kulturaren parte da. Iloba ikastola batean dut; naturala da hori niretzat, mantendu beharrekoa". Dena dela, euskararen ofizialtasunaren aurka egin du, Frantziako Konstituzioak berak hala debekatzen duelako.

Halaber, ukatu du Fronte Nazionalak jarrera xenofobo eta antisemita duela. Haren iritzian, "eztabaidatzeko beste argudiorik ez dutenek diote hori. Nazi eta faxista deitzen gaituzte, baina ez da egia".

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Albisteak (1)