Cargando...

Zuzenean

'Altsasu auzia'

Defentsak: '50 urte eskatu dituzte akusatuentzat, lau erailketen baliokidea'

Actualizar

14:55 - Bukatu egin da epaiketa.

14:15 - Aratz eta Iñakiren aurreko abokatuak ezagutze-saioak inpugnatu zituen. "Han jarri zituzten halabeharrez identifikatu zitzaten", salatu du.

14:09 - Gertakarien testuingurua gogorarazi du: "Gauez, argi gutxi zuen lekuan, jai giroan eta alkohola edan eta gero". Horrek denak identifikazioak zailtzen ditu.

14:00 - Abokatuak adierazi duenez, Iñaki Abaden bideoa "manipulatua egon zitekeela" iradoki zuen fiskalak. Galanek azaldu du aldeek bazutela bideoa eskura, eta ez dutela aztertu ezta salatu ere.

Sarjentuaren "alkandora zuria" hizpide, nabarmendu du normala dela ilun zegoelako eta zuriak diren arropak bereziki ikusten direla horrelakoetan. "Baina fiskalaren kezka ez zen zuritasuna, alkandora  garbi zegoela baizik", esan du.

Erantsi duenez, bideoa bere jatorrizko metadatuekin aurkeztu zuten. Bertan ikus daiteke zein datatan eta zein ordutan grabatu zuen Abadek.

13:56 - Iñaki Abaden bideoari buruz, esan du bertan azaltzen dena hainbat lekukok baieztatu zutela.

13:52 - Salatu duenez, fiskalak ez ditu defentsaren lekukoak aipatu ere egin: "Ez dira existitu". Akusazioak baztertu egin ditu, manifestazioetara joan direla esanez.

13:49 -Genero arrazoiengatik Fiskaltzak eskatutako astungarria baztertu du. "Horrek ez du ez hanka ez buru", kritikatu du.

Gauza bera gertatuko litzateke guardia zibilen bikotekideak gizonezkoak izan balira.

13:39 - Foruzainen deklarazioa hartu du hizpide. Epaiketan esan zutenez, "beldurra" sentitu zuten, baina egoerak gainezka egin zielako. Ez zen ordena publikoaren nahasmendurik izan.

Horren adierazle dira gerora heldu ziren foruzainek eta Guardia Zibilek hartutako neurriak. "Ez zen kargarik izan, ezta barrikadarik edo objektu jaurtiketarik izan", erantsi du.

13:32 - "Delitu, lesio eta mehatxu arinak ezin daitezke delitu terroristatzat hartu", adierazi du.

13:31 - Altsasuko zortzi gazteen defentsako abokatuek adierazpenak egingo dituzte saioa amaitzean, @Altsasugurasoak-ek iragarri duenez.

13:29 - Auzi honetan lesio larrien zein desordena terroristen delituak egotz daitezkeenik baztertu du.

13:23 - "Onartezina da terrorismoa horrela hutsaltzea", salatu du abokatuak, eta erantsi "gauza bat da iraganeko terrorismoa ez ahaztea, eta beste gauza bat berri bat asmatzea".

13:17 - Galanen esanetan, Alde Hemendikek eta Ospak ETAren estrategia jarraitzekotan ere,  ezin esan terroristak direla.

13:14 - Ospa Mugimenduaren ekintzak indarkeriazkoak izan ez direla nabarmendu du, eta erantsi Foruzaingoa ere jomugan dutela. Azaldu duenez, Alde Hemendikek eta ETAk ez dute inoiz eskatu Foruzaingoa Euskal Herritik ateratzea.

13:13 - Abokatuak galdera bota dio Epaimahaiari: "Zigorgarria al da bere burua desegiteko borondatea azaldu duen erakunde bati laguntzea?".

13:05 - Abokatuak zifra bat aipatuz abiatu du bere agerraldia: "50 urte", bere bezeroentzat egin den kartzela eskaera, alegia. Zigor Kodearen arabera, "bost hilketa eta lau erailketarekin bateragarria da".

13:02 - Jose Luis Galan Aratz Urrizola eta Iñaki Abad akusatuen abokatuaren txanda.

12:53 - Ramirez de Aldaren abokatuaren esanetan, "identifikazioetan zalantza asko daude" eta bere bezeroaren absoluzioa.

12:48 - Guardia zibilek eta euren bikotekideek ez zuten Adur aipatu erasotzaile gisa. Gerora egin zuten deklarazioan (azaroan) erantsi zuten bere izena. "Ez zirudien bat-bateko deklarazio bat", erantsi du.

12:45 - Karreraren hitzetan, lau kaltedunei erakutsi zizkieten argazkiek "ez dituzten Gorenaren jurisprudentziak ezartzen dituen baldintzak betetzen", eta horrek fidagarritasuna kentzen die.

Adurren kasuan, gainera, kaltedunen deklarazioari "koherentzia falta zaie".

12:41 - Abokatuak azaldu duenez, bi guardia zibilei eta euren bikotekideei leku berean eta aldi berean hartu zieten deklarazioa (ordu berdina aipatzen da deklarazio guztietan). Zalantzan jarri du euren arteko inkomunikazioa.

12:33 - Abokatuak salatu du ezagutze argazkiek ez dituztela "bermeak" betetzen.

Azaldu duenez, guardia zibilek Adur ezagutzen zuten, herritik, baina "lehen deklarazioetan ez zuten aipatu ezta deskribatu ere".

12:26 - Karrerak nabarmendu duenez, ekintzak "oso azkar jazo ziren, argi gutxi zuen leku batean" eta "biktimek, eurek esan duten moduan, aurpegia besoarekin estaltzen zuten". Beraz, zailtasunak daude "fidagarria izan daitekeen identifikazio bat egiteko".

12:22 - Abokatuaren ustez, ezin dira erabili Jokin eta Adurren artean izandako telefono deiak erasoa antolatua izan dela frogatzeko. Guardia Zibilaren "susmoa" baino ez da.

Lekukoek azaldu dute zergatik hitz egin zuten bi akusatuek: lagun batek hegaldi bat hartu behar zuen, eta etxean agertu ez zenez, haren bila jardun zuten.

12:18 - Abokatuak gogorarazi duenez, Ramirez de Alda Iruñeko epaitegira joan zen, baita Auzitegi Nazionalera ere.

Karrera, epaiketan. Auzitegi Nazionaleko seinaletik hartutako irudia.

12:13 - Lekukoen arabera, jende gutxi zegoen Koxka tabernan gau hartan. "Nola liteke 25 pertsonek guardia zibilak kolpatzea eta inor ez jabetzea?", galdetu du abokatuak.

12:11 - ETBren bideoa aipatzen du Karrerak. Bertan Adur ikus daiteke elastiko beltz batekin. "Nola liteke elastikoz aldatzea eta guardia zibilak jotzeko elastiko gorria janztea? Ez du zentzurik, gertatu ez zelako".

 

12:05 - Adurrek esan du ez zela Koxkan egon, guardia zibilek eta euren bikotekideek kontrakoa adierazi zuten arren. Elastiko gorria zeraman, euren hitzetan. 

12:02 - Hasi da berriro saioa. Jaione Karrera Adur Ramirez de Aldaren abokatuaren txanda.

11:32 - Atsedenaldia.

11:29 - "Akusazioek eta defentsok hizkuntza ezberdina darabilgu", adierazi du fiskalak erabilitako hitz batzuei erreferentzia eginda ("xenofobia" edota "nazismoa").

11:26 - "Ez dakigu zenbat pertsonek egin zuten erasoa". Gimbernaten hitzetan, "lesioak ez dira 20-25 pertsonek egindako eraso bortitz batekin bateragarriak". Koxka tabernaren irteeran (guardia zibilen esanetan bertan jazo zen liskarra) "ez da hainbeste jende sartzen".

11:18 - Maria Pilar sarjentuaren emazteak jarraitu omen duen "tratamendu psikologikoa" frogatzen duen txostenik ez dute topatu, adierazi du abokatuak.

11:17 - Sarjentuari ez zioten laneko baja eman, adierazi du.

11:15 - Maria Jose Naranjok zituen lesioei buruz azpimarratu du mediku txostenek ez zutela kanpoko zauririk atzeman. Emakumeak hainbat kolpe eta ostiko jaso zituela esan zuen.

11:11 - Sarjentuak zituen lesioen inguruan, gogorarazi du lekuko batek esan zuela guardia zibilak "liskarra izan zuela pertsona batekin Koxka kanpoaldean", eta lesioak horren ondorio izan ahal direla iradoki du. Koskor bat buruan eta bizkarrean urradurak baino ez zizkioten atzeman.

11:04 - Tenienteak hainbat kolpe jaso zituela esan zuen arren, medikuaren txostenean ageri da ez ziotela beste ubeldurarik topatu. Orkatilaren haustura eta ezpainean zuen zauria baino ez zituen ikusi.

11:02 - Zauritutakoak artatu zituen lehen pertsonaren, suhiltzailearen, deklarazioa hartu du gogoan.

Epaiketan esan zuenez, zauritutako bakarra zegoen: tenientea.

11:00 - Lesio larrien delitua baztertu du. Abokatuaren esanetan, "asko jota, lesio arinak dira". Tenientearen orkatila haustura, eta gainerakoek zituzten "hematomak, urradurak eta kontrakturak". Maria Jose Naranjok ez zuen kanpoko lesiorik.

10:51 - "Mende erdiko espetxe zigor eskaerarekin, inongo zalantzarik gabe frogatu behar da Cob Koxkan egon zela eta guardia zibilak edo euren bikotekideak jo zituela. Ez dute ezertxo ere frogatu. Errugabetasun-presuntzioa nagusitu behar da", ondorioztatu du abokatuak.

10:48 - Guardia zibilei susmagarria iruditu zitzaien Snapchat aplikazioa (milioika gaztek erabiltzen dutena) edukitzea eta telefonoz aldatzea. Epaiketan horri buruz galdetu zietenean, ezin izan zuten zehaztu zergatik.

10:44 - Gimbernatek salatu duenez, "txostena (sakelakoen analisiarena) egin zuten guardia zibilen praxi eta zorroztasun eskasa onartezina da".

Adituek ez zituzten telefonoaren geolokalizazioa, kontaktuak eta deiak begiratu. "Gauza logikoak dira", erantsi du.

10:35 - Cob ez da inoiz Ospa Egun batean izan, eta ez du ezker abertzaleko inongo mugimendurekin loturarik izan, esan du Eva Gimbernatek.

Abokatua bere agerraldian, Auzitegi Nazionaleko seinaletik hartutako irudia.

10:30 - Iñaki Abaden bideoaz mintzatu da abokatua. Irudiotan ikus daitekeenez, sarjentuak ez zuen Cob ezagutu. Are, bideo horrek guardia zibilak esandakoa gezurtatzen du, horren hitzetan.

10:28 - Coben deklarazioa berretsi zuten lekuko batzuek. Dena den, defentsak eskatutako lekuko asko baztertu dituztela salatu du. Harrigarria egin zaio, horietako batzuk Maria Jose Naranjok berak aipatu zituelako.

10:19 - Azaldu duenez, Cobek hasiera-hasieratik, bere kabuz Iruñeko epaitegira joan zenean, esandakoari eutsi dio. Hau da, ez zela Koxka tabernan gau guztian izan, eta taberna kanpoaldera anbulantzia bertan zegoela heldu zela.

10:12 - Hasi da epaiketaren 11. saioa. Eva Gimbernat Jon Ander Coben abokatuaren txanda da.

10:09 - Manuel Olle Julen Goikoetxearen abokatuaren agerraldia izan zen hiruretan luzeena. Nabarmendu zuenez, bere bezeroak inor jo zuela egiaztatzeko frogarik ez dago, eta lau kaltedunek euren deklarazioa adostu ahal izan zutela kritikatu zuen, esamolde berak erabili baitzituzten. Guardia Zibilaren txostenari "partzialtasuna" dariola uste du.

09:48 - Jaime Monterok, Oihan Arnanzen abokatuak, ezagutze-saioetan eta akusatuen identifikazioetan izandako "irregulartasunak" nabarmendu zituen. Horrez gain, Maria Jose Naranjo tenientearen bikotekideak izan zituen ondorio psikologikoen zergatian sakondu zuen.

09:37 - Defentsako hiru lehen abokatuen ondorioak izan ziren 10. saioaren protagonistak.

Amaia Izkok, Jokin Unamuno eta Ainara Urkijoren abokatuak, gertakariak terrorismo gisa jotzeko argudio juridikorik ez dagoela azpimarratu zuen.

09:18 - Epaiketak atzo bukatu behar zuen, defentsen txostenekin. Dena dela, hiru abokaturen ondorioak falta dira oraindik. Horiek amaituta, euren azken hitza esateko aukera izango dute akusatuek.

09:15 -2016ko urriaren 15an Altsasun jazotako liskarra dela eta, terrorismoa egotzita zortzi gazteren kontra Auzitegi Nazionalean egiten ari den epaiketa ostiral honetan bukatuko da. Epaiaren zain geratuko da.