Cargando...

Jarraipen berezia

UHOLDEAK

Arakil, Bidasoa, Butroe eta Oria ibaiek gainezka egin dute hainbat puntutan, aparteko gorabeherarik eragin gabe

Onintza Aiestaran | EITB Media

- Nafarroan egun oson egongo da indarrean euriagatik ezarri duten abisu horia, ipar isurialdean eta Pirinioetan. Iparraldean, ostera, alarma gorria 18:00ak arte izango da indarrean..

- Gainezka egin duten ibaiak: Arakil ibaiak, Arruazun eta Uharte Arakilen; Bidasoak, Arraitzen eta Endarlatsan; Butroek, Marurin, Mungian eta Plentzian; Oriak, Anoetan, Andoainen eta Zubietan.

- Arga ibaiari arretaz begiratzen diote Iruñerrian. Puntu batzuetan salbu, ez du gainezka egin eta Iruñeko Udaltzaingoaren arabera, oraingoz ez da aparteko gorabeherarik izan.

- Uholde arriskuagatik atzodanik Nafarroan aktibatuta dagoen aurrealerta egoera arratsalde erdira arte egongo da indarrean.

galeriak (1)

Actualizar

ARGAZKI GALERIA: Azken orduetako euriteen ondorioz Euskal Herriko ibai gehienen emariak gora egin du eta uholde txikiak izan dira.

Amaitu da prezipitazio iraunkorrengatik Bizkaian indarrean zegoen abisu horia. Gipuzkoan, ostera, euriari dagokion abisu horia 12:00ak arte egongo da indarrean.

Eskaseko estazioan, Artikutzan, 75,8 litro pilatu dira oraingoz astelehen honetan, azken orduetako euriteen ondorioz.

Atzo, igandea, Eskasen 118 litro zenbatu ziren, Elorrion, 106 litro, San Prudentzion, 98 litro; 87,4 litro, Muxikan; 54,8 litro, Derion; eta 40,6 litro, Abetxukon.

Uribarri Ganboako urtegia ura askatzen hasi da gaur goizaldean, azken orduetako euriteen ondorioz % 87an baitago beteta.

Segundoko 22 metro kubiko askatzen ari da.

24 ordu eskasetan, % 80ko edukiera izatetik % 87,67ra igaro da, Ebroko Ur Konfederazioak zabaldutako datuen arabera.

BIDEOA: Arrotxapea auzoa, Iruñean Ander Unzurrunzaga EITB Mediako erabiltzaileak bidalitako bideoa

BIDEOA: Arakil ibaia bere bidetik aterata, Arbizun. Jose Luis Imaz EITB Mediako erabiltzaileak bidalitako bideoa.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak hedabideen aurrean adierazi duenez, udaletxeekin koordinazioan ari dira atzodanik. "Ondo koordinatu gara udalekin, abisatuta daude, atzo jarduketak egin zituzten eta bizilagunak ere jakinaren gainean jarri zituzten".

Chiviteren esanetan, egoeraren minutuz minutuko jarraipena egiten ari dira, baina ezin da alderatu duela hilabetekoarekin.

Uholde arriskuagatik atzodanik Nafarroan aktibatuta dagoen aurrealerta egoera arratsalde erdira arte egongo da indarrean.

Horrela azaldu du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan.

Errepideen egoera Nafarroan:

Uholdeak, ur putzuak edo luiziak tarteko hainbat errepide itxi dituzte Nafarroan. Ur putzuengatik itxita daude Landabengo sarbidea, NA-7520 errepidea (Arbizu-Lizarragabengoa), NA-2410 errepidea (Barranca), NA-7010 errepidea (Astrain-Irurtzun), eta NA-2316 (Zuluetako sarbidea).

Halaber, itxita daude NA-1210 errepidea (Arraitzeko Bentak - Endarlatsa), NA-7065 errepidea (Urritzolako sarbidea), NA-4161 errepidea (Larraintzar-Iraitzotz), eta CF-8210 errepidea (Arraitzeko Bentak -Endarlatsa, lehen NA-1210 errepidea zena). 

Gainera, NA-170 errepidea (A-15- Doneztebe) itxi dute Leitzarako noranzkoan, luiziengatik.

BIDEOA: Azken orduetako euriteen ondorioz, Oria ibaiak gainezka egin du Zubietan.

Nafarroan ibaien emariak gora egiten jarraitzen du. Goizeko lehen orduan, alerta egoeran daude Arga ibaia Iruñean, Etxaurin eta Etxarrenen, eta aurrealerta egoeran, ostera, Arga ibaia Arazurin, Baztan ibaia Oharrizen, Urrobi ibaia Espinalen, eta Ega ibaia Arkijasen eta Lizarran.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, hainbat ibaik gainezka egin dute eta ur putzuak sortu dira Zuluetan, Larraintzarren, Etxalarren, Uharte Arakilen, Etxarri Aranatzen, Arruazun, Urritzolan, Asiainen, Izan eta Miranda Argan.

BIDEOA: Butroe ibaiak gainezka egin du Mungian eta Marurin.

Ipar Euskal Herrian, alerta gorrian zegoen ibai bakarra, Uhaitza, maila laranjara igaro da eta laranjan zeuden Errobi, Aturri eta Urdazuri ibaiak, ostera, laranjatik horira pasa dira. Hala ere Lekornen Arhanek, eta Bidaxunen Bidauzek gainezka egin dute.

Renfek Basurtuko Ospitalearen eta Bilbao Concordiaren tren zerbitzua berrezarri du gaur goizean, atzo tunel bat urez bete ostean bi puntu horien arteko zirkulazioa bertan behera gelditu ostean.

Azken orduetan izandako euriteen ondorioz, Butroe ibaiak gainezka egin du Mungia parean, eta, ondorioz, BI-2120 errepidea itxi dute Plentziarako noranzkoan. Gipuzkoan, berriz, itxita daude Zarautz eta Getaria arteko kostako errepidea (N-634) eta N-636 errepidea, Bergaran.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Butroe ibaiak gainezka egin du Marurin, Gatikarako bidegurutzearen parean eta inguruko lursailak urak hartu ditu. Halaber, Trabakuako mendatea itxita dago, ur putzuengatik.

Errepideen egoera dela eta, arretaz gidatzea gomendatzen du Ertzaintzak.

Nafarroan, Arga ibaiari so jarraitzen dute. Iruñeko Udaltzaingoaren arabera, oraingoz ez da aparteko gorabeherarik izan, baina ur emari handiena 10:00etarako espero da.

Iruñeko Udalak larrialdi plana aktibatu du uholdeengatik.

Euriteen ondorioz, luiziak eta ur putzuak sortu dira errepideetan.

Bizkaian, Igorren, N-240 errepidean trafikoa mantso dabil, bi norabideetan, ur putzuak daudelako. Halaber, errepide sare nagusian itxita daude, Erandion BI-731 errepidea, Makroko bidegurutzean; Mallabian Trabakuako mendatea, luiziengatik, eta Mungia eta Plentzia arteko BI-633 errepidea, ur putzuengatik.

Gipuzkoan, ostera, bi dira sare nagusian itxita dauden errepideak: Bergaran GI-627 errepidea, AP-1 autobideko irteeran; eta Zarautz eta Getaria arteko kostako errepidea (N-634).

Nafarroan, NA-2410 errepidea itxi dute Uharte Arakilen, Arruazun eta Arbizun, Arakil errekak gainezka egin duelako.

Atzo, Goizuetan (Nafarroa), 118 litro pilatu ziren metro koadroko.

Atzo pilatutako euria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan:

Ipar Euskal Herrian Uhaitza ibaia gorrian da eta Errobi, Urdazuri eta Errobi-Aturri ibaiak, laranjan.

Suhiltzaileek zabaldutako informazioaren arabera, euriteek ez dute aparteko arazorik eragin, baina hainbat gomendio egin dituzte. Atharratzen Atharratze aldean haurrak eskolara ez eramateko gomendioa egin dute eta Maulen eskola garraiorik ez dela izango jakinarazi dute.

Baiona Ttipiaren eta handiaren arteko Errobi bazterretan trafikoa debekatua dago eta Uztaritzera doan Errobi bazterreko errepidea ere itxi egin dute.

Nafarroan, Arga ibaiari begira jarraitzen dute. Dena dela, oraingoz ez du gainezka egin.

Gainezka egin duten ibaiak: Arakil ibaiak, Arruazun, Arbizun eta Uharte Arakilen; Bidasoak, Arraitzen eta Endarlatsan; Butroek, Mungian eta Plentzian; Oriak, Anoetan, Andoainen eta Zubietan. 

Mendaron Kilimon ibaiak berriro ere gainezka egin du, baina oraingoz ez du eragozpenik sortzen Mendaroko ospitalera bidean.

Azken orduotan pilatutako euriaren ondorioz, errepidean eragozpenak sortu dira.

Esate baterako, luiziengatik itxita daude Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea, Trabakua ere itxi egin dute Mallabian, eta N-1 errepidean, Alegian, Lasartera bidean errei bat itxita dago.

Ibaiek gainezka egin dutelako, ostera, hainbat errepide itxita daude. Oria ibaiak gainezka egin du Zubietan eta errepidea urak hartu du. Anoetan ere Oriak gainezka egin du eta GI-3412 errepidea itxita dago bi noranzkoetan. BI 2120 errepidea ere itxita dago Mungia eta Plentzia artean.

Nafarroan, NA-2410 errepidean bi puntutan daude arazoak, Arrazuan eta Uharte Arakilen, Arakil ibaiak gainezka egin duelako.

NA-1210 errepidea moztu egin dute Endarlatsa inguruan Bidasoak gainezka egin duelako.

Azken orduetako euriteen ondorioz, hainbat ibaik gainezka egin dute. Esaterako, Argak, Iruñean; Uharte Arakilek, Sakanan; Burundak, Ziordian; Oriak, Anoetan eta Zubietan. 

Nafarroako Gobernuak Larrialdi Plan Bereziaren aurreko abisua aktibatu du, uholdeengatik.

Euriari dagokion abisu horia 12:00ak arte egongo da indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan egun osorako aktibatu dute abisu horia euriagatik, ipar isurialdean eta Pirinioetan. Iparraldean, ostera, alarma gorria 18:00ak arte izango da indarrean.