Zuzenean
I. A. E. | M. G. U. | EITB MEDIA
- Ukrainako Armadari Zelenskiren kontra altxatzeko eskatu dio Putinek.
- Bigarren egunez jarraian, Errusiako tropak Ukrainako hainbat eskualde hartzen ari dira. Besteak beste, Kieven sartu dira eta hiriburua inguratuta dute.
- "Errusia ekonomikoki hondoratzeko" hainbat neurri adostu ditu Europar Batasunak.
- Minskera ordezkaritza bat bidali eta Ukrainako Gobernuarekin "hitz egiten hasteko prest" agertu da Errusia.
NATOko buruzagiek Erantzun Azkarreko Indarrak zabaltzea erabaki dute aliatuen defentsa indartzeko asmoz, Errusia Ukrainan egiten ari den inbasioa dela eta.
Buruzagiek bideokonferentziaz egin duten bileraren ostean, Jens Stoltenberg NATOren idazkari nagusiak iragarri du lurreko, itsasoko eta aireko indarrak zabalduko dituela "edozein gertakariri" aurre egiteko. NATOren indar bereziak "egun batzuen buruan" zabalduko dituzte Itun Atlantikoaren ekialdean.
"Errusiak Europako bakea eten du", kritikatu du Stoltenbergek, eta adierazi du agerian uzten duela NATOren defentsa kolektiborako borondatea. Ez du zehaztu zabalduko dituzten indarren kopurua, eta soilik esan du AEBko eta Europako Erantzun Azkarreko Indarretako milaka soldadu lekualdatuko dituztela.
Erantzun Azkarreko Indarrak 40.000 soldadu inguruk osatzen dituzte eta bost eguneko epean edonora irits daitezke, gehienez 30 egunerako. Duela hilabete bat AEBk iragarri zuen 8.500 tropa jarri zituela alertan Errusiaren balizko eraso baten aurrean azkar erantzuteko.
Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Finantza ministroak esan du Errusia SWIFT transferentzietarako konexio sistematik ateratzeko aukerak "mahai gainean" jarraitzen duela, eta datozen orduetan har dezaketela erabakia, horretarako estatu kide guztien oniritzia behar den arren.
Errusia SWIFT sistematik aterata, banketxe errusiarrek ezingo lukete sistema hori erabiltzen duten nazioarteko erakundeetatik dirurik jaso, eta ezta ordainketak egin ere.
OCDEk iragarri du Errusia erakundean sartzeko prozesua bertan behera uztea erabaki duela Kontseiluak. 2014ko martxoan ere gelditu egin zuen Moskuk Krimea bere egin zuenean.
Errusiak Facebook sare sozialerako sarbidea mugatuko du ostiral honetatik aurrera, Ukrainaren aurkako oldarraldiaren inguruko informazio eta propaganda lehiaren baitan hedabide errusiarrak zentsuratzea egotzita.
Maria Zajarova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak Finlandiari eta Suediari ohartarazi die NATOrekin bat eginez gero "ondorio politiko-militar larriak" izango direla, eta Errusiak "erantzun" egingo duela.
Sanna Marin Finlandiako lehen ministroak ostegun honetan adierazi du Errusiak Ukrainan egindako inbasioak NATOrekin bat egitearen inguruko "eztabaidaren zentzua aldatzen" duela.
Gainera, Volodimir Zelenski Ukrainiako lehen ministroak eskerrak eman dizkie Suediari eta Finlandiari emandako laguntza militar, tekniko eta humanitarioagatik.
Soldaduak. Argazkia: Efe
Gerren ondorio larrietako bat izaten da herritarrak babes bila beste herrialde batzuetara joan behar izatea. Eslovakiak dagoeneko milaka jaso dituela jakinarazi du, gehienak emakumeak eta haurrak.
NATOko buruzagiek esan dute Ukraina inbaditzeko erabakia "akats estrategiko larria" dela eta Errusiak "urtetan" ordainduko duela. Era berean, aliatuen herrialdeak babesteko neurriak hartzen jarraituko omen dute, "orain eta etorkizunean".
"Putinek Ukrainari eraso egiteko hartu duen erabakia akats estrategiko larria da, eta Rusiak garesti ordainduko du, bai ekonomikoki bai politikoki, urtetan", adierazi dute aliatuek bideokonferentziaz egindako premiazko batzar batean.
Errusiako Armadak kontrolpean du berriro Hostomel aerodromoa, Kievetik gertu, eta Ukrainako hiriburua blokeatuta dute mendebaldean, Igor Konashenkov Defentsa ministro errusiarrak jakinarazi duenez.
Errusiako Armadak 200 soldadu ukrainar hil omen ditu operazioan, eta tropek Kievera gerturatzen jarraitzen dute, herritarrak ihes egiten ari diren bitartean.
Errusiarren erasoa Kieven. Argazkia: Efe
Europar Batasuneko Irrati-difusio Batzordeak iragarri du Errusiak ezingo duela parte hartu maiatzean egingo den Eurovision jaialdian. "Ukrainian izaten ari den aurrekaririk gabeko krisiagatik" hartu omen dute erabakia.
Eurovision. Argazkia: EiTB
Europar Batasuneko Atzerri ministroek akordioa egin dute Vladimir Putin Errusiako presidentearen eta Serguei Lavrov Atzerri ministroaren finantza aktiboak izozteko, eta beste zigor ekonomiko sorta bat prestatzen ari dira.
"Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako Kontseiluak bigarren zigor sorta onartu du. Aktiboak izozteak Errusiako presidenteari eta Atzerri ministroari eragingo die. Hirugarren sorta prestatuko dugu", adierazi du Twitterren Edgars Rinkevics Letoniako Atzerri ministroak.
EU Foreign Affairs Council has adopted the 2nd sanctions package, asset freeze includes President of Russia and its Foreign Minister. We will prepare the 3d package #StandWithUkraine
— Edgars Rinkevics (@edgarsrinkevics) February 25, 2022
Ukrainan dauden euskal herritarrei laguntzeko lanean ari direla jakinarazi du Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak. Horren hitzetan, oraingoz, hainbat lagun jarri dira Jaurlaritzarekin harremanetan, "batzuk, Ukrainara joandako euskaldunak" eta beste batzuk "Euskadin bizi diren Ukrainarrak". Arrazoi ezberdinak tarteko, gerrak Ukrainan harrapatu ditu guztiak, eta orain, "ebakuazio operazio" batean herrialde horretatik ateratzea da helburua. "Egoera oso konplikatua da", esan du.
Marian Elorza
Errusiak Ukrainan abiatu duen gerrari nola erantzun eta zein neurri hartu adosteko, NATOko buruzagiak bilera telematikoa egiten ari dira. "Ipar Atlantikoko ituna izenpetu zuten herrialde guztien segurtasuna bermatzea" dela helburu nagusia esan du Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak.
Europar Batasunak hainbat zigor adostu ditu Errusiarentzat gaur goizean, eta beste hainbat aztertzen ari dira. Besteak beste, Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Serguei Lavrov Errusiako Atzerri Gaietako ministroak Europan izan ditzaketen "ondasun edota finantza-aktiboak blokeatzea" ari dira aztertzen. Neurri hori ezarri ahal izateko, Europar Batzordeko kide guztiek aho batez onartzea ezinbestekoa da.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak 300 milioi euroko diru-laguntza agindu du Ukrainarentzat, gerrak eragindako sarraskiari aurre egin ahal izateko. Halaber, herrialde horretara "defentsarako materiala" bidaltzea aztertzen ari direla ere iragarri du. "Babesa eta elkartasuna" zor diegu, adierazi du Macronek Asanblea Nazionalean egin dute hitzaldian.
Josep Borrell Europar Batasuneko Diplomaziaren buruak ez du uste Errusiak erregaien hornikuntza etengo duenik. Hala ere, hori gertatuko balitz, Europak hainbat aukera prest dituela esan du, erregairik falta ez dadin. "Orain, ez dugu uste Errusiak hori egingo dueneik, baina egingo balu, baditugu baliabideak baliko agertoki horretarako", ziurtatu du Borrellek.
Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilariak gogor gaitzetsi du Errusiak Ukrainan abiatu duen gerra. Horren hitzetan, "gerra batek inoiz ez dakar ezer onik, ezta maila ekonomikoan ere". Navartur turismo azokaren inaugurazio ekitaldiaren ondoren egin ditu adierazpenok Irujok, gaur goizean.
Nazioarteko gaietan aditua den Felipe Etxeberria kazetariaren analisia: "Bruselak zigor gogorrak, baina ez gogorrenak, onartu ditu"
Bruselas
Aurreikusi bezala, hasi dira Ukrainako errefuxiatuak inguruko herrialdeetara iristen, tartean, Poloniara. Herrialde horretako Gobernuak zortzi harrera-gune egokitu ditu herritar ukrainarrak hartzeko eta horiei laguntza eskaintzeko. Oinarrizko baliabideak ez ezik, informazio orokorra ere eskaintzen die. Datozen egunotan, egunero batez beste 30.000 ukrainar iristea espero dute Polonian.
Polonian egokitutako harrera-guneetako bat, gaur.
Errusia prest agertu da Ukrainarekin hitz egiten hasteko, eta horretarako, Minskera ordezkaritza bat bidali dezaketela iragarri du. Hala esan du Dmitri Peskov Kremlineko eledunak. Horren hitzetan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak egindako eskaerari erantzuteko prest legoke Vladimir Putin Errusiako presidentea.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak elkarrizketa prozesu bat abiatzea proposatu dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari, "heriotza gehiago egon ez dadin". Dena dela, Errusiak, oraingoz, ez du hitz egiteko borondaterik agertu. Gaur bertan, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri Gaietako ministroak ez dio "zilegitasunik" aitortu Ukrainako egungo Gobernuari. "Gobernu gezonida" dela esan du. Hala, gezurretan aritzea egotzi dio Zelenskiri, eta, azken urteotan, Donbaseko gatazka bideratzeko Minskeko Akordioak ez dituela bete esan dio.
Dubravka Suica Europar Batzordeko Demografia alorreko presidenteordeak esan du EB prest dagoela Ukrainako gerrak eragin dezakeen "errefuxiatuen krisiari aurre egiteko". "Ukraina inguruko herrialdeak prest daude", esan du. Halaber, Suicaren hitzetan, Errusiaren erasoaren inguruan "Europako herriek jarrera oso bateratua" dute.
Argazki-galeria: Beldurra eta hondamena, Ukrainan
Ania Ursulyan 6 urte zituela etorri zen Euskal Herrira, Donostiara. Ukrainan eta Errusian ditu senideak Ursulyanek eta gogorra egiten zaio gertatzen ari dena onartzea. Politikoki aurkariak diren arren, bi herrialdeetako biztanleriaren arteko harremana oso ona bere esanetan "anai-arrebak bezala dira". Euskadi Irratiako "Faktoria" saioan azaldu ditu bere bizipenak.
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak esan du Ukrainako Gobernuak ez duela zilegitasunik, "ez delako demokratikoa". "Bere herria zapaltzen eta metodo genozidak erabiltzen dituen gobernu bat demokratikotzat ezin dugu hartu", adierazi Lavrovek.
Lavrov eta Putin, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Errusiako tropek bart, Kiev parean, eraitsi duten hegazki militar ukrainar baten arrastoak.
Kiev. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentearen gertuko iturrien arabera, Errusia ez da kikilduko zigorren aurrean. Ukrainako gerraren ondotik hainbat herrialdek iragarritako zigorrek "arazoak" ekarriko dizkietela aitortu arren, "arazo horiek konponduko ditugu". Dmitry Peskov Kremlineko eledunaren hitzetan, aspalditik eta "nahita" Errusiak atzerriko herrialdeekin esportazioen alorrean duen "mendekotasuna murriztu" egin du, etor zitezkeen "zigorren jakitun".
Gerratik ihesi, Ukrainatik ondorengo ordu eta egunotan alde egingo duten herritarrak hartzeko plana prestatzen hasi da Nazio Batuen Erakundea. Errefuxiatu oldea espero dute inguruko herrialdeetan, "milioi bat eta bost milioi artean". "Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziarekin kontingentzia-planak prestatzen ari gara", adierazi du Afshan Khan UNICEFek Europa eta Asia Erdialderako duen zuzendariak.
"Ukrainako gerrak ez dio onik egingo pandemiaren ondorengo susperraldi ekonomikoari", Ainhoa Ondarzabala Euskal Enpresen SPRI taldeko nazioartekotze zuzendariak "Faktoria"n azaldu duenez. Gerraren bilakaeraz harago, "gainerako herrialdeek Errusiari jarritako isun eta trabek Euskadiko enpresen lehiakortasunean eragingo dute". Besteak beste, ekoizpen kostuak garestituko direla dio SPRIko ordezkariak, eta energia zein oinarrizko lehengaiak garestituko direla.
Tiro hotsak #Kiev|en. Errusiako tankeak dagoeneko hirian.
— Ane Irazabal (@AneIrazabal) February 25, 2022
Futbolera ere iritsi dira Ukrainako gerraren harrabotsak. Txapeldunen Ligako hurrengo finala, maiatzaren 28an, San Petersburgon ez jokatzea erabaki du UEFAk. Partida Parisen jokatuko da, Saint-Denisen, Frantziako Estadioan
Atzo bildu zen UEFAko zuzendaritza batzordea, Errusiak Ukrainan abiatutako erasoaren ondorioz sortutako egoera aztertzeko. Finala Parisen jokatuko dela jakinarazteaz gain, Errusiaren erasoa gogor gaitzetsi du.
Errusiak Ukrainaren gaineko erasoa abiatu duenetik, "kezkatuta, urduri eta triste" dagoela azaldu du "Faktoria"n Nerea Albisu Chernobil Elkarteko boluntarioak. "Arduratuta gaude; Ukrainan ditugun senideak nola dauden jakin nahi dugu eta Euskal Herriko familiak deika ari zaizkigu, nola lagun dezaketen galdetzeko", esan du.
Nerea Albisu
Erresuma Batuko hegaldi guztiei aire espazioa itxi die Errusiak, Ukrainako gerra abiatu ondotik Gobernu britainiarrak aeronautikako alorreko konpainia errusiarrei ezarritako zigorrak direla eta. "Otsailaren 25etik aurrera, Erresuma Batuko hegazkinek edota herrialde horrekin lotura dutenek debekatuta izango dute Errusiako aire espazioan sartzea", esan du Errusiako aireko garraioa kudeatzen duen zerbitzu federalak.
Errusiako tropak Kieven sartu dira, Ukrainako Defentsa Ministerioaren hitzetan. Txio bidez jakitera eman duenez, "etsaiak Obolonen" daude, hiriaren kanpoaldean, Kieveko Parlamentutik 9 kilometrora. Babeslekuak bilatzeko gomendatu diete herritarrei, eta baita ere, "molotov koktelak" prest izan ditzatela, erasoen aurrean defendatzeko.
Nadia Calviño Espainiako Gobernuko lehen presidenteordearen eta Ekonomia ministroaren arabera, Europar Batasuneko beste herrialde batzuekin alderatuta, Espainiak Errusiarekiko duen mendekotasuna ez da hainbestekoa. "Gure arteko harremanak, batez ere, hidrokarburoen esparruan ditugu, baina beste herrialde batzuek baino mendekotasun txikiagoa dugu", adierazi du Calviñok, Ukrainako gerrak Europan izango duen eragin ekonomikoa aztertzeko EBko Ekonomia eta Finantza ministroak egiten ari diren batzarraren atarian.
Calviño, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Errusiako tankeak Kievera bidean direla jakinazi du Ukrainako Armadako buruetako batek. Horren hitzetan, Ivankiv herrian Ukrainako Armada eta Errusiakoa borrokan ari dira. "Errusiako tankeak Kievera bidean dira, baina Ivankiv parean Ukrainiako soldaduekin borrokan hasi dira. Besteak beste, zubi bat eraitsi du Ukrainako Armadak, errusiarrei bidea oztopatzeko", esan du.
Egun on. #Kiev pic.twitter.com/gtHJZjpTfe
— Ane Irazabal (@AneIrazabal) February 25, 2022
Ukrainako presidente Volodímir Zelenskik adinean dauden pertsona guztiek Armadara mobilizatzeko dekretua sinatu du, atzo Errusiak herrialdearen aurka abiatutako gerrari erantzuteko. "Dekretatzen du: mobilizazio orokorra iragarri eta gauzatzea", dio Ukrainako Presidentearen Bulegoaren webgunean argitaratutako testuak; dagoeneko, Rada Gorena edo Parlamentuaren galbahea pasea zuen testuak.
Ukrainako soldatuak
Ukrainako Defentsa Ministerioak esan duenez, gutxienez "800 soldadu errusiar hil" dira, inbasioa hasi zenetik. "Etsaiek, gutxi gorabehera, 800 pertsona galdu dituzte", esan du Hanna Malyar Ukrainako Defentsa ministrordeak, Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroak bilera batera deitu dituzte gaurko, Errusiaren erasoak Europaren ekonomian izango dituen eraginak aztertzeko. Halaber, Errusiari zein zigor ekonomiko ezarri ere izango dute hizpide. Berez, bihar ziren biltzekoak, baina Ukrainako egoera larriaren aurrea, aurreratu egin dute batzarra.
Diego Herrera Donetsken dagoen fotokazetariak Radio Euskadiko "Ganbara" saioan azaldu duenez, Errusiaren erasoak "ezustean" harrapatu du, eta ez zuela espero aitortu du. "Donetskeko soldaduek eta zibilek ere, ez zuten erasoa espero", ziurtatu du. Herreraren arabera, milaka herritar herrialdetik alde egin nahian dabiltza, atzotik.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ohartarazi duenez, Errusiako tropak bizitoki-guneak bonbardatu dituzte, erasoaldiaren bigarren egun honetan. Gaua Kieven "beldurgarria" dela esan du, Telegram bidez zabaldutako mezu batean.
Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak esan duenez, Ukrainan bizi diren euskaldunekin harremanetan daude, handik lehenbailehen atera ahal izateko. Egoera baina, "oso konplikatua" dela esan du Elorzak, besteak beste, hegaldiak eta bestelako garraiobideak bertan behera geratzen ari direlako. Espaniako Atzerri Gaietako Ministerioarekin ari dira egoera kudeatzen. Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egin ditu adierazpenok.