Cargando...

Jarraipen berezia

FRANTZIAKO HAUTESKUNDEAK

Horrela kontatu dizugu hauteskunde-eguna

IDOIA ALBERDI - IKER RINCON | EITB MEDIA

- EITB Mediako hedabideek jarraipen zabala egin diete hauteskundeei, programa berezien bidez.

- Abstentzioa eta Melenchonen jarraitzaileen botoaren norabidea izan dira hauteskunde hauetako gako nagusienetakoak.

Actualizar

6/6 Hurrengo agintaldirako gakoak:

Ekologia/Energia. Trantsizio ekologikoaren jarraipena eta kanpoko mendekotasun energetikoaren amaierarako bidea funtsezko gaiak dira, batez ere Macronek bereganatu nahi duen hautesle aurrerakoientzat.

5/6 Hurrengo agintaldirako gakoak:

Pentsioen erreforma. Macronek pentsioen erreforma bertan behera utziko zuela hitzeman zuen, baina malgutasun apur bat onartu du ezkerreko boto-emailearekin etsaitu ez dadin. Bere berrautaketarekin, aurreikusitako aldaketa gai garrantzitsua da berriz ere.

4/6 Hurrengo agintaldirako gakoak:

Susperraldi ekonomikoa. Prezioen igoerak eta gatazkak eragindako hazkunde txikiak pandemiaren osteko bultzada ekonomikoari mehatxu egiten diote. Erritmoa berriz hartzea funtsezkoa izango da hauteskunde-agendako promesak gauzatu ahal izateko.

3/6 Hurrengo agintaldirako gakoak:

Gerra Ukrainan. Frantziak rol diplomatiko nabarmena izan du orain arte gatazkan, eta zeregin horretan jarraitu nahiko du. Gerraren amaiera garrantzitsua da eragin ekonomikoa handiegia izan ez dadin.

2/6 Hurrengo agintaldirako gakoak:

Haustura soziala. Frantziak haustura sozioekonomiko handia bizi du, eta Marine Le Penek oso ondo interpretatu du hori. Hauteskunde hauen irabazleak zubiak eraiki beharko ditu aurrerapen ekonomikotik baztertuta sentitzen direnentzat, eta gizarte-gatazkak saihestu beharko ditu.

1/6 Hurrengo agintaldirako gakoak:

Gehiengo legegilea? Presidente berriak ekainaren 12an eta 19an egingo diren Batzar Nazionalerako hauteskundeetan gehiengoa lortu beharko du bere programa aurrera eraman ahal izateko. Gaur egun, Macronen alderdiak, Errepublika Martxan (LREM), 577 eserlekuetatik 267 betetzen ditu, eta horrek, MoDem zentristaren 57 eserlekuekin batera, ganbera horren kontrola izatea ahalbidetzen dio.

Mobilizazio jendetsuak egon dira gaur arratsaldean Parisen presidentetzarako hautagaien kontra. Polizia haien kontra oldartu da, eta elkarretaratzeak desegin ditu.

"Ospa dezagun alaitasunaren bosturteko berria" lelopean, manifestariek, talde antikapitalistek eta antifaxistek deitutako ikasleak gehienak, hitzordua jarri zuten sare sozialen bidez Les Halles plazan 20:01ean, lehen boto estimazioak argitaratu ondoren.

EFE

Bost urteko "eraldaketaren" une "mingarriak" eta "zailak" ekarri ditu gogora Macronek, eta, etorkizunera begira, aro berri hau "jarraipena" baino gehiago izango dela zehaztu du.

EFE

Macronek eskerrak eman dizkie Errepublika Martxan-eko jarraitzaileei eta militanteei, eta, gainera, eskuin muturra "blokeatzeko" botoa eman diotenentzako esker onak izan ditu, baita abstenitu direnentzako ere. "Isiltasun" horri "erantzungo" diola agindu du.

EFE

Macronek Le Penen aldeko botoaren atzean dagoen "haserrea" onartu eta "guztien presidentea" izango dela agindu du.

EFE

Anne Hidalgo Parisko alkateak, Alderdi Sozialistaren lehen itzuliko hautagaiak, Macron zoriondu du garaipenagatik, baina "ezker berri bat berreraikitzeko" deia egin du, etorkizuneko hitzorduetan aukerak izateko.

Hidalgok botoen % 2 baino gutxiago lortu zituen lehen itzulian, Alderdi Sozialista historikoaren beheranzko joera berretsiz.

Ekintzaile anarkistek protesta egin dute Parisen bi presidentegaien aurka hauteskundeen behin-behineko emaitzak iragarri ondoren.

EFE

Europar Batasuneko buruzagi nagusiek Macron zoriondu dute bere garaipenagatik, eta positiboki baloratu dute "garai zail hauetan" EBrentzat lortutako garaipena.

Le Pen ultraeskuindarrak, garaipena lortuz gero, Europar Batasuneko erakundeei boterea kenduko ziela eta bere eskuduntzen zati bat estatu kideei itzuliko ziela agindu zuen.

EFE

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak begi onez hartu du Emmanuel Macron Frantziako presidentearen berrautaketa, Frantziako hauteskundeen bigarren itzulian lortutako garaipenarekin "demokraziak irabazten duelako. Europak irabazten du".

Valerie Pécresse Errepublikanoen presidentegaiak lehenengo itzulian Emmanuel Macron zoriondu du lortutako garaipenagatik, baina Marine Le Pen ultraeskuindarraren emaitza "izugarriak" agerian uzten dituen "hausturez" ohartarazi du.

Macronen agerraldia Parisen. EFE

Macronek irabazi du Ipar Euskal Herrian, botoen % 63,1 lortuta.

Bigarren itzuli honetan, abstentzioa % 28 ingurukoa izan da, azkenengo datuen arabera.

Jean-Luc Mélenchon Frantzia Intsumisoko liderraren ustez, "oso albiste ona" da Marine Le Pen ultraeskuindarrak Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan galdu izana, baina Emmanuel Macron "V. Errepublikako garailerik txarrena" dela gaineratu du.

Europako buruzagiak Macron zoriontzen hasi dira bere garaipenagatik.

Behin-behineko emaitzak ezagututa, Mélenchonek "amore ez emateko" eskatu die sistemarekin pozik ez dauden frantziarrei.

Presidentetzarako hauteskundeetan bere porrota onartu duen arren, Marine Le Penek ez du amore eman eta datorren ekainaren 12an egingo diren hauteskunde parlamentarioei begira jarri da.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Macron zoriondu du bere berrautaketagatik.

Macronek Eliseorako lasterketan faborito dela berretsi du, nahiz eta, lehen kalkuluen arabera, 2017an baino tarte txikiagoarekin irabaziko lukeen; orduan botoen % 66 lortu zituen, eta gaur egun, berriz, % 58,2. Le Pen, bere aldetik, Frantziako ultraeskuinaren emaitza historikorik onena lortze bidean dago, baina ez zaio nahikoa izan garaipena eskuratzeko.

Macronek irabazi ditu Frantziako hauteskundeak, Le Peni 16 puntu baino gehiagoko aldea aterata, lehen estimazioen arabera.

Emmanuel Macron. Argazkia: EFE

Hauteslekuak itxi dituzte Frantziako Errepublika osoan. Hurrengo bost urteetarako presidente berria nor izango den erabakitzeko zenbaketa hasi da; Le Pen ala Macron.

Le Pen eta Macron, karteletan. EFE

34.900 udalerri baino gehiagoko hauteslekuak itxi dituzte 19:00etan, tartean Ipar Euskal Herriko guztiak. Hala ere, oraindik botoa eman daiteke, 20:00ak arte, Paris, Lyon, Marseilla, Rennes, Toulouse, Niza, Grenoble, Nantes eta Bordele bezalako hiri handietan, besteak beste.

Gaur egungo presidenteak, Emmanuel Macron liberalak, irabaziko lituzke hauteskundeak bigarren txanda honetan, % 55 eta % 58 arteko babesarekin. Hala argitaratu du La Libre Belgique egunkariak, Frantziako iritzi-institutuek kalean egindako lau galdeketetan oinarrituta.

Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian parte-hartzea arratsaldeko 17:00etan % 63,23koa da, lehen bueltan ordu horretan jasotakoa baino ia bi puntu azpitik, eta 1969tik baxuena. Orain bost urte, berriz — orduko hartan ere, Macron eta Le Pen aurrez aurre ziren —, parte-hartzea % 65,30ekoa zen arratsalde erdian.

Frantziako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, Pirinio Atlantikoetan, Ipar Euskal Herria eta Bearno batzen dituen departamentuan, parte-hartzea 17:00etan % 69,4koa izan da, orain bost urte baino puntu eta erdi eskas gehiago (% 68,9).

Jean-Luc Melenchon lehen itzulian hirugarren geratu zen Frantzia Itsumisoa alderdiko hautagaiak bere hirian bozkatu du, Marsellan. Azken bi asteotan bezala, gaur ere, Le Peni boto bakar bat ere ez emateko eskatu die herritarrei.

Marine Le Penen PROFILA: Jean Marie Le Pen aitaren politikak bere ibilbidea markatu du txikitatik. Aitak Fronte Nazionala sortu zuen 1972an. Zuzenbidean lizentziatua da, eta zenbait urtez abokatu bezala aritu zen lanean Parisen, baina 1998an eskuin muturreko alderdiarekin bat egin zuen. 2004an, Europako Parlamentuan eserlekua lortu eta ospea bereganatu zuen alderdi barruan zein kanpoan. Horri esker, eskualde eta udal hauteskundeetan arrakastak erdietsi zituen, 2011n Fronte Nazionaleko buruzagi berri izendatu zuten arte.

Emmanuel Macronen PROFILA: Sciences Po ospetsuan hezia, 2004an hasi zen lanean Ekonomia eta Finantza Ministerioko ikuskatzaile gisa; ondoren, baina, kargua utzi eta enpresa pribatuan karrera egiten hasi zen. Urte batzuk geroago, 2012an, François Hollande sozialistarekin elkarlanean hasi zen haren presidente izateko kanpainan. Bere garaipenarekin, Macron funtsezko kide izaten hasi zen Gobernu berrian, nazioarteko foroetan ohiko laguntzaile gisa, eta, pixkanaka-pixkanaka, Ekonomiako ministro izatera ailegatu zen.

13:10 inguruan eman du botoa Emmanuel Macron Eliseora berriro iristeko aukera gehien dituen hautagiak. Emazteak lagunduta iritsi da Le Touqueteko hauteslekura, eta ehunka jarraitzaile eta dozenaka hedabide zituzten bertan zain. Eskolara sartu aurretik, jarraitzaileak agurtzen egon da.

Macron hautagai zentrista Brigitte Macron emazteak lagunduta iritsi da Le Touqueteko hauteslekura.

Pirinio Atlantikoetan, Ipar Euskal Herria eta Biarno batzen dituen departamentuan, parte-hartzea % 30,12koa izan da 12:00etan, duela bost urte baino puntu eta erdi baxuagoa.

Hendaiako eskola bat, gaur.

Frantziako Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera, 12:00etan parte-hartzea % 26,41ekoa izan da, 2017an baino bi puntu baxuagoa. Lehen itzuliko datuekin alderatuta, berriz, 0,93 puntu eskas egin du gora parte-hartzeak.

Azken egunotan kaleratu diren inkesta guztiek galtzailetzat ematen dute Le Pen. Horien arabera, 6 eta 10 puntu arteko aldea aterako lioke Macron zentristak hautagai ultraeskuindarrari. Halere, duela bost urteko bozen emaitzekin alderatuta, bien arteko aldea nabarmen jaitsi da. 2017an Macronek botoen % 66,10 eskuratu zituen eta Le Penek % 33,9.

Marine Le Penek 11:10 inguruan eman du botoa Frantzia iparraldean dagoen Henin Beaumont herrian. Steeve Briois herri horretako alkatea eta alderkidearekin (Bilgune Nazionala) sartu da eskolara, aurretik zain zituen herritarrak agurtu ondoren.

Aurreikusita zegoen bezala, 11:00ak inguruan iritsi da Marine Le Pen hautagai ultraeskuindarra Henin-Beaumonteko bere hauteslekura, botoa ematera. Emmanuel Macronek, berriz, eguerdian bozkatuko du, Le Touqueten.

ANALISIA: Franck Dolosor kazetariaren arabera, "askok gogoz kontra bozkatuko dute Macronen alde, baina nahiago dute hori, abentura ilun batean sartu baino". Hala ere, eskuin muturrak azken bi hamarkadatan lortu duen zilegitasunaz ohartarazi du. "20 urtez hirugarren aldia da bigarren itzulira sailkatzen dela. 2002an lurrikara izan zen, baina bidea egin du, eta puntu asko irabazi denetan", zehaztu du.

Marine Le Pen hautagai ultraeskuindarrak ere bere aurkariaren kontrako salaketa gogorrekin amaitu du hauteskunde kanpaina. Macronen programaren ardatzak atera ditu bere diskurtsoetan: erretiro adina 65 urtera atzeratu nahi duela salatu du, besteak beste. Halaber, jarrera "harroa" izatea egotzi dio Macroni behin eta berriz, "elitearen hautagaia" dela esanez.  "Herriaren bozeramaile" gisa aurkeztu du bere burua Le Penek, eta inflazioa murrizteko neurriak agindu ditu, "frantziarren erosahalamena berreskuratzeko". Globalizazioaren "arriskuen aurrean", "babesa" eskaini die herritarrei.

Hauteskunde kanpainaren azken txanpan, Emmanuel Macronen mezua garbia izan da: inkesten arabera faboritoa bera bada ere, ezer ez dagoela erabakita esan du behin eta berriz bere ekitaldi guztietan. Erresuma Batuan Brexitaren erreferendumean gertatutakoa edota Donald Trumpen agintaldia ekarri ditu gogora bere mitinetan. Ultraeskuina Eliseoko agintera iristeak "Frantziako gizartea erabat zatituko" lukeela esan du, migrazioaren inguruan Le Penek duen diskurtsoa kontuan izanda. Halaber, Frantzia Europar Batasunetik kanpo geratzeko arriskuan legokeela ere adierazi du hautagi zentristak bere agerraldietan.

macron

Lehen itzulian bezala, 20:00etan puntuan zabalduko dituzte hainbat eskoletako boto errealak kontuan hartuta egindako lehendabiziko estimazioak. Esanguratsuak diren hauteslekuak aukeratzen dira, lehen estimazio horretarako, eta behin betiko emaitzatik oso gertu egon ohi da.

Ia 50 milioi herritar daude botoa ematera deituta. 08:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak eta leku gehienetan 19:00etan itxiko dituzte. Hiri handienetakoak, berriz, ordubete beranduago, 20:00etan.

Emmanuel Macron eta Marine Le Pen neurtuko dituen bigarren itzuliak bost zalantza handi argitu beharko ditu igande honetan. Hauek dira gako nagusiak.

Duela bost urte bezala, Emmanuel Macron da presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia irabazteko faborito nagusia, baina ultraeskuinaren hatsa geroz eta gertuago du hautagai zentristak. Bi hautagaien arteko aldea 2017an baino nabarmen txikiagoa izango dela diote inkesta guztiek.

Datozen bost urtetan Frantzia nork gobernatuko duen erabakiko dute gaur hango herritarrek. Bi hautagai, parez pare: Emmanuel Macron liberal zentrista eta Marine Le Pen ultraeskuindarra. Bataren eta bestearen ildoekin bat ez datozen milaka herritarrek kanpainan zehar iragarri dute gaur ez direla hauteslekuetara joango, eta abstentzio hotsen itzalarekin iritsi da presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia.

EITB Media taldeko hedabideek jarraipen zabala egingo diete igande honetan, apirilaren 24an, izango diren Frantziako hauteskundeei. Irratian eta telebistan albistegi bereziak egingo dira Paristik bertatik, eta eitb.eus-ek gertutik jarraituko du azken ordukoa.

Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia larunbat honetan hasi da itsasoz haraindiko zenbait lurraldetan. Besteak beste, 10:00etan ireki dira hauteslekuak Saint Pierre eta Miquelon uharteetan, Kanadako kostaldearen parean. Lurralde horietan bizi diren frantsesek egun bat lehenago ematen dute botoa 2007tik, emaitzek euren botoan eraginik izan ez dezaten.

Azken inkesta ia guztien arabera, Macron da faborito nagusia eta ia hamabost puntuko aldea aterako lioke Le Pen ultraeskuindarrari. Halere, Frantziako egungo presidenteak eta bere lantaldeak azken asteotan behin eta berriz esan dute ezer ez dagoela erabakita eta ultraeskuina Eliseora ez iristeko herritar guztiek mobilizatzea ezinbestekoa dela.

Bukatu da hauteskunde kanpaina Frantzian, eta igandean izango den bigarren itzulirako atzerako kontaketa martxan da. Ostiral honetan, Eliserorako bi hautagaiak, Emmanuel Macron presidentea eta Marine Le Pen ultraeskuindarra, azken botoak lortzen saiatu dira, eta azken kritikak bota dizkiote elkarri. Presidente liberalak zalantzan jarri ditu aurkariaren asmo politikoak. Horrek, aldi berean, frantziarrei traizioa egin izana leporatu dio, hauteskundeetarako bi egun falta diren eta zundaketak presidentearen alde dauden honetan.

Frantzia hegoaldean dagoen Figeac herria aukeratu du Emmanuel Macronek, hauteskunde kanpainari amaiera emateko. Tradizio sozialista duen 10.000 biztanleko udalerri horretan egingo du hautagai zentristak ezkerreko boto-emaileengana hurbiltzeko azken saiakera.

Hauteskunde kanpainaren azken ekitaldian, Marine Le Pen hautagai ultraeskuindarrak gogortu egin ditu aurkari duen Emmanuel Macronen kontrako salaketak. Frantziarrak gutxiestea egotzi dio Macroni, eta azken bost urteotan "kaosa eta indarkeria besterik ez" dituela eragin esan du. "Ez ditu gustuko frantziarrak", gaineratu du.

Frantziak bizi duen egoeraz eta hauteskundeen emaitzek kulturan izan dezaketen ondorioez hitz egin du Radio France irratiko abesbatzako tenore den Euken Ostolaza donostiarrak, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Frantziak egoera "dramatikoa" bizi duela eta herritarrek "politikoenganako fedea erabat galdu" dutela esan du.

Maddalen Arzallusek Frantziako hauteskundei buruz abestu du gaur Euskadi Irratian: ''Macron edo Marine''

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Benoit Pellistrandi politologo eta historialari frantziarrak esan duenez, oro har "interes gutxi" piztu dute hauteskunde hauek herritarren artean. Halaber, Le Pen presidente ateratzeko arriskurik ez dagoela ziur agertu da.

OpinionWay-Kea Partner etxeak Les Echos hedabidearentzat egindako inkestaren arabera, parte-hartzea % 69 ingurukoa izango da igandeko hauteskundeetan, 2017an baino bost puntu baxuagoa (% 74,6). Galdeketa horren arabera, bestalde, Macronek erraz irabaziko luke, botoen % 54 eskuratuta. Ia zortzi puntuko aldea aterako lioke Le Peni, azken horrek bozen % 46 bereganatuko bailituzke. Duela bost urteko emaitzekin alderatuta, bi hautagaien arteko aldea nabarmen jaitsiko litzateke: 2017an Macronek % 66,1 eta Le Penek % 33,9 eskuratu zituzten.

Lehen itzulian hirugarren geratu zen Jean-Luc Melenchonen (Frantzia Intsumisoa) jarraitzaileen botoa erabakigarria izango da bigarren buelta honetan. Alderdiak afiliatuen artean, asteon, egin duen barne-galdeketa baten arabera, Melenchonen jarraitzaileen % 33,4 legoke Macronen alde bozkatzeko prest. Gainerakoek, boto zuria emango lukete edota abstentziora joko lukete.

Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik, bozketa sinboliko baten bidez, eskuin muturraren aurka bozka dezatela eskatu diete herritarrei. Le Penekin demokrazia arriskuan egongo dela ohartari zute, eta zuzenean Macronen aldeko botoa eskatu ez badute ere, eskuin muturrari bakoitzak bere moduan egin behar diola aurre azpimarratu dute.

Gaur, ostirala, amaituko da hauteskunde kanpaina Frantzian. Inkesten arabera, Emmanuel Macron presidentea da faborito nagusia Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiaren aurretik.

Argazkia: EFE

EITB Media taldeko hedabideek jarraipen zabala egingo diete Frantziako hauteskundeei. Irratian eta telebistan bereziak egingo dira Paristik bertatik, eta eitb.eus-ek azken ordukoa gertutik jarraituko du.

Igande honetan presidentea aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute Frantzian. Inkesten arabera, Emmanuel Macron presidentea da faborito nagusia Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiaren aurretik.