Cargando...

Zuzenean

Baso suteak Bizkaian

Itzali egin dituzte Bizkaian ostiralean piztutako hiru suteak

EITB Media

Your browser doesn’t support HTML5 video

- 03:40an sutea piztu da Zugaztietan (Trapagaran), Arbaltzaga mendiaren inguruan. 13:30 igarota itzali dute. 25-30 hektareari eragin die.

- 06:50 aldera, beste sute bat abiatu da Berangon. Badaezpada, inguruko zortzi baserri hustu dituzte (etxera itzuli dira) eta BI-2124 errepidea itxi dute. Sua 16:00ak aldera itzali egin dute. 30-40 hektareari eragin die.

- 09:00ak inguru, hirugarren sute bat piztu da Larrondon (Loiu); handik gutxira amatatu dute. Kearen ondorioz, zirkulazio arazoak sortu dira Txorierriko Igarobidean (BI-673).

Actualizar

Kontsultatu ostiraleko hiru suteen gaineko kronika.

Bizkaiko Foru Aldundiko Itzaltze taldeak itzalitzat jo du Berangoko sutea. Eremua zaintzen ari dira, sua berriro piztea saiheste aldera (Argazkia: EFE):

Berangoko sutea kontrolpean dago, eta Zugaztietakoa (Trapagaran) eta Larrondokoa (Loiu) itzalita daude, Carlos Uriagereka Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendietako Zerbitzuko buruak azaldu duenez.

Berangoko Unbe gunean egindako lanak eta ur-hegazkinen laguntzak lortu dute sutea kontrolatzea. Guztiz itzali arte, lanean jarraitzen dute.

14:00etan, ura botatzen ari ziren oraindik. Kalkuluen arabera, mendiko 30-40 hektarea kiskali dira.

Larrondon, "1.000 metro koadroko sutea" izan da, eta itzali egin dute. 25-30 bat hektarea erre dira.

Bi puntu horietan, kontrol eta zaintza langileak daude, sua berpiztea saihesteko.

Loiu inguruan ere sute bat piztu da gaur goizean, baina dagoeneko itzalita dago: sua etxebizitzetatik, Txorierriko korridoretik eta Loiuko aireportutik gertu egon da une batzuetan. Basalaneko langileak bertan egongo dira datozen orduetan sutea berriro piztu ez dadin.

Berangoko baso-sutea kontrolpean dago, itzaltzetik gertu. Haizeak indarra galtzeak eta tenperaturak behera egiteak oso lagungarri izan dira suhiltzileentzat. Ur hegazkinen laguntza ere oso garrantzitsua izan da. 

@BomberosBizkaia|ren txioa:

Ur hegazkinetako bat, Ereagan, 6.000 litro ur hartzen ari zela, Berangoko sutea itzaltzeko lanetan ibiltzeko (Argazkia: EFE). 

Ituartek zehaztu duenez, orain baldintza meteorologikoak onak dira itzaltze lanetarako. Ez dago haizerik, eta 24 ºC-ko tenperatura dago.

Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak Bizkaiko suteen egoera eguneratu du:

- Berangoko sutea ez dute oraindik kontrolatu, baina "joera ona" dauka. 

- Zugaztietako (Trapagaran) sutea kontrolpean eta mugatuta dute. Dispositibo zabala dago lanean: suhiltzaileak, baso-langileak eta Defentsa Ministerioaren bi ur hegazkinak.

- Euskalmeten iragarpenaren arabera, baso suteen arriskua handiagoa izango da gaur arratsaldetik aurrera, eta bihar arratsaldera arte. Hego-ekialdeko haizeak zakar jotzea espero da berriro.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak larunbat gauerdian utziko du bertan behera baso-sute arriskuagatik ezarritako alerta laranja.

Suhiltzaile bat, Zugaztietako sutearen itzaltze lanetan. EFE

Defentsa Ministerioaren MITECO hegazkinek Plentzia-Gorlizko Badian hartu dute ura, Berangoko sutea amatatzen laguntzeko:

Arbaltzaga mendia sutan ikus daiteke Bizkaiko suhiltzaileek partekatu berri dituzten aireko irudiotan:

Defentsa Ministerioak Bizkaira bidalitako bi ur hegazkinak (MITECO motakoak) iritsi dira. Berango inguruan dabiltza.

Bizkaian azken orduetan piztutako suteen egoera eguneratu dute suhiltzaileek:

- Loiukoa amatatu dute, baina zaintza lanetan geratu da talde bat.

- Zugaztietakoa (Trapagaran) kontrolpean dute.

- Berangokoa mendean hartzeko lanetan ari dira 50 bat suhiltzaile eta baso-langile.

Ricardo Ituarte Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak Euskadi Irratian esan duenez, "Berangoko suteaz badirudi berri onak izango direla datozen orduetan".

Aurreikuspenen arabera, Defentsa Ministerioko ur hegazkinak 11:30-12:00 aldera helduko dira Bizkaira.

Berangon hustutako zortzi baserrietako bizilagunak euren etxeetara itzuli ahal izan dira.

Josu Antonio Begoña Loiuko alkateak Euskadi Irratian esan duenez, udalerrian piztu den sutea amatatzea lortu dute suhiltzaileek.

Loiuko sutearen eraginez, Ertzaintzak errei bat itxi du Txorierriko igarobidean (N-637), Sondika parean eta Galdakaoko noranzkoan.

Ertzaintzak BI-2124 errepidea itxi du, Berangon. Bigarren mailako bide horrek Sopela, Maruri-Jatabe, Gatika eta Urduliz lotzen ditu.

Suhiltzaileek kontrolpean hartu dute Larrondoko (Loiu) sutea:

Berangoko alkateak EITBri jakinarazi dioenez, herrigunea ez dago arriskuan, eta haizeak Sopela eta Urduliz aldera eraman ditu garrak. Sua mendi eremu batean piztu da, 2015ean sute handi bat izan zen leku berean.

Suteek ez diote, oraingoz, Bilboko Aireportuko jardunari eragiten, bertako iturriek baieztatu dutenez.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Legebiltzarraren atarian egin duen agerraldian azaldu duenez, baliteke hirugarren sute bat piztu izana Loiun. Oraindik ez dute baieztatzerik izan.

Eusko Jaurlaritzak laguntza eskatu dio Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioari, eta horrek bi ur-hegazkin bidali ditu Bizkaiko suteetan laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Baso Suteen Planaren I. Fasea aktibatu du.

..

Ur-hegazkinak Abrara joango dira ura hartzera, bi suteak itzaltzeko lanetan laguntzeko.

Berangoko sutearen irudiak:

Bizkaiko suhiltzaileek jakinarazi dutenez, Berangokoa zein Zugaztietakoa bigarren larritasun mailako suteak dira (lau maila daude). Bietan suhiltzaile eta baliabide material andana dago lanean.

Saulo Nebreda Ortuellako alkateak Euskadi Irratian azaldu duenez, hego haizea "laguntzaile" lanetan ari da Zugaztietako sutean; izan ere, garrak Arbaltzaga tontorrerantz zuzentzen ari da.

Etxebizitzei zuzenean eragiten ez badie ere, badaezpada zortzi baserri jendez hustu dituzte Berangon.

Maria Isabel Landa Berangoko alkateak Euskadi Irratian azaldu duenez, oraingoz etxebizitzak eta bestelako eraikinak (adibidez, ikastetxeak) ez daude arriskuan.

Baso suteen arriskuagatik, atzotik alerta laranjan dago Bizkaia. Hego haizea zakar dabil, hezetasun maila txikia da eta tenperaturak altuak dira. Hori dela eta, suteak pizteko arriskua handia da.