Sanferminak
Entzierroak beste 4 urtez euskaraz eskaintzeko akordioa itxi du EITBk Iruñeko Udalarekin eta RTVErekin
EITB
Aldeek historikotzat jo duten hitzarmena Joseba Asiron Iruñeko alkateak, José Pablo López RTVEko zuzendari nagusiak eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak izenpetu dute. EITBk sanferminetako entzierroak euskaraz eskaintzeko aukera izaten jarraituko du, eta ETB1en eta ETB ONen emitituko dira.
Joseba Asiron, José Pablo López eta Andoni Aldekoa
Iruñeko Udalak, RTVE Corporación de Radio y Televisión Española erakundeak eta EITB Euskal Irrati Telebistak sanferminetako entzierroen eta jaiarekin lotutako beste ekitaldi batzuen grabaketa eta hedapena ordenatu eta sustatzeko ituna sinatu dute gaur.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak akordioaren garrantzia azpimarratu du, bai EITBrentzat eta baita euskaldunontzat ere; Nafarroan eta Euskal Herri osoan euskaraz entzierroak lau urtez ikustea ahalbidetzen duen lorpen handia. Halaber, RTVEk eta Iruñeko Udalak lankidetzaren izaera publikoa nabarmendu dute. Hala, Joseba Asiron alkateak, entzierroak identitate zeinu garrantzitsu gisa hartuta, balioan jarri du telebista publikoetatik bermatuta egotea eta "Iruñean ditugun bi hizkuntzetan" ikusgai izatea.
¿¿ Sanferminetako #entzierroak beste 4 urtez euskaraz eskaintzeko akordioa itxi du EITBk @Iruna_udala-rekin eta #RTVE-rekin
— EITB (@EITBofiziala) June 15, 2026
______________
¿¿ #EITB cierra un acuerdo con @Pamplona_ayto y @rtve para ofrecer durante otros 4 años los #encierros en #euskera@eitbtaldea #garena pic.twitter.com/vF87DRbRph
Akordioaren arabera, Iruñeak espazio publikoaren erabilera lagatzen du entzierroak hobeto grabatu eta eman ahal izateko, eta, horren truke, urtean zenbateko bat jasoko du, bai eta entzierroen artxibo historikorako sarbidea ere (RTVE erakunde publikoaren jabetzakoa da artxibo hori). Bestalde, RTVE erakundeari entzierroaren ibilbidean barna dauden grabaketa-postuen erabilera esklusiboa adjudikatuko zaio. Entzierroa gaztelaniaz emango du RTVEk eta, era berean, irudiak EITBri lagako dizkio euskaraz eman ahal izateko.
Gainera, RTVE eta EITB lankidetzan arituko dira Udalak eta MECA Iruñeko Erruki Etxeak antolatu eta interesgarritzat edo garrantzitsutzat jotzen diren jarduerak RTVEren eta EITBren kanal eta euskarrien bitartez hedatzeko. EITBri dagokionez, Euskal Telebistaren kanaletan eskainiko dira, baita Radio Euskadin, Euskadi Irratian, Radio Vitorian, Gaztean eta online, ORAIN eta ETB ON-en ere.