Estreinaldia
Ostegunean estreinatuko da "Zulora" proiektu digital berriaren lehen atala, Gaztearen eskutik
EITB Media
Ane Zuazubiskarrek aurkeztutako eztabaida saioa Gaztearen Youtube kanalean eta eitb.eus-en izango da ikusgai.
Gazteak "Zulora" eztabaida saio berria estreinatuko du ostegun honetan, irailaren 30ean, Gaztearen Youtubeko kanalean eta eitb.eus-en. Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztuta eta Hiru Damatxok ekoiztutako proiektu digitalak bogan dauden gaiei buruzko zeresana duten hiru gazte elkartuko ditu atal bakoitzean, kezkak, galderak, hausnarketak zein bizipenak konpartitzeko. Lehen denboraldiak sei atal izango ditu eta atal berriak bi asterik behin izango dira ikusgai. Gainera, saioa EITBPodkasten entzuteko aukera izango da eta edukiak sare sozialetan zabalduko dira.
"Zulora" proiektuaren muina solasaldia izango bada ere, saioak ondorengo atalak izango ditu: Zulotik at (Julen Portillo tiktoker eta umoregileak saioan jorratzen diren gaiei buruz arituko da kaletik), Hesteetatik larri (gaiari lotutako animazio esketx laburra) eta Bota! (landuko den gaiari buruzko aditu baten ikuspuntua).
Atal bakoitzak 30 minutu inguruko iraupena izango du, baina sare sozialetan (Instagram, Twitter, Facebook) saioko unerik onenen laburpenak eta beste hainbat bideo labur izango dira ikusgai.
Lehen atala
Ostegunean, irailaren 30ean, izango da ikusgai "Zulora"ren lehen atala 22:10etik aurrera (dena den, bere ohiko ordutegia 22:00etan izango da). Matxismoaren sarean titulupean, Maialen Arteaga kazetaria, Marina Landa musikari eta ikerlaria eta Irati Erauskin psikologoa emakume gazteek sare sozialetan sufritzen dituzten jarrera matxistez arituko dira. Aditu gisa, Estibaliz Linares ikerlaria izango dute gonbidatu.