Itxi

Santander Liga

Osasuna nagusi izan da Cadizen aurka, bi golak penaltiz sartuz (2-0)

B. L. G. | EITB Media

Leer en Castellano

Chimy Avilak 39. minutuan eta Kike Garciak 77. minutuan penaltiz sartutako golek eman diote garaipena talde gorritxoari.

Aimar Oroz, Ruben Garcia eta Kike Garcia bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Bi eta huts irabazi du Osasunak Cadizen aurkako partida. Norgehiagokaren bila atera da Jagoba Arrasateren taldea. Hasiera-hasieratik hartu du partidaren agintea talde gorritxoak.

Lehenengo zatian baloiaren jabetza bereganatu eta denbora gehiena Cadizen zelaian jokatzen egon diren arren, ez dute arrisku gehiegi sortu hasierako 20 minutuetan. Lehen zatiko aukera argiena Budimirren erdiraketa batetik etorri da, izan ere, Cadizeko defentsa batek baloia urrundu nahian, bere atera bidali du. Ledesmaren erreflexu azkarrei esker, gola saihestu dute cadiztarrek baloia kornerrera bidaliz.

Hidratazio geldialdia eta bost minutu beranduago, 35. minutuan, Conan Ledesmak Budimirrekin talka egin eta talde gorritxoaren aldeko penaltia adierazi du Matheu Lahoz epaileak. Gaurkoan, ohikoa den bezala, Chimy Avilak hartu du 11 metroetatik jaurtiketa egiteko ardura. Argentinarrak jaurtiketa gogor bat egin du Cadizen atearen erdi-erdira eta bat eta hutsekoa jarri du markagailuan. Atsedenaldira bat eta hutsekoarekin joan dira.

Aldageletatik bueltan, Arrasateren mutilek ez dute denbora alferrik galdu eta 47. minutuan Budimirrek buruz egindako erremate batek Ledesma arazoetan jarri du; jardunaldiko geldiketetako bat izan daitekeena egiteraino. Cadizek azkar erantzun dio jokaldi horri eta minutu bat beranduago, jokaldi bikain baten ostean, aukera garbi bat xahutu du Lucas Perezek eta baloia zuzenean kanpora bidali du.

Partidaren nondik norakoa geroz eta argiago zegoen eta 75. minutuan, Cadizeko Tomas Alarcon kanporatu du epaileak.

Alarcon kanporatu eta bi minutura egin du Kike Garciak bigarrena, area barruan bultza egin diote Extremadurako aurrelariari eta epaileak penaltia adierazi du. Ez du barkatu Garciak eta bigarrenarekin partida akabatuta utzi du Osasunak.

Hala amaitu da norgehiagoka, Sadarren geratu dira hiru puntuak eta Osasuna, Ligako lehen bi jardunaldietan irabazita, liderra da oraingoz.

Fitxa teknikoa

2 – Osasuna: Osasuna: Sergio Herrera; Peña (Nacho Vidal, 75. minutuan), Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz; Moi Gomez, Moncayola (Darko, 75. minutuan), Torro, Aimar (Roberto Torres, 83. minutuan); Chimy Avila (Ruben Garcia, 65. minutuan), Budimir (Kike Garcia, 65. minutuan).

0 – Cadiz: Cadiz: Ledesma; Zaldua, Luis Hernandez, Chust, Espino (Negredo, 75. minutuan); Diarra (Alejo, 62. minutuan), Fali (Jose Mari, 62. minutuan), Alarcon, Mabil (Arzamendia, 62. minutuan), Lucas Perez (San Emeterio, 79. minutuan), Lozano.

Golak: Chimy Avila 1-0 (37. minutuan), Kike Garcia 2-0 (79. minutuan).

Epailea: Antonio Mateu Lahoz. Epaileak txartel horia erakutsi die Lucas Torro eta Chimy Avila gorritxoei. Kanpoko taldean berriz, Alarcon kanporatu du bi txartel hori aterata (47. minutuan eta 76. minutuan) eta txartel horia atera die Lozanori, Chusti eta Alejori.