Itxi

BALIZKO ZIGORRA

Osasunak UEFAren balizko espediente bati buruzko jakinarazpena jaso du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Espedientea 2013-14 denboraldiko partiden iruzurrekin lotuta egongo litzateke. 'La Vanguardia' egunkariak argitaratu duenez, Nafarroako taldea Europako lehiaketetatik kanpo geratuko litzateke.

Osasunako jokalariak Konferentzia Ligarako sailkapena ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak talde nafarra Europan lehiatu gabe utziko lukeen UEFAren balizko espediente bati buruzko jakinarazpena jaso du; klubak asteazkeneko 21:00ak baino apur bat lehenago baieztatu du hori. Aipatu espedientea 2013-14 denboraldiko partiden iruzurren kasuarekin egongo litzateke lotuta, La Vanguardia egunkariak argitaratu duenez, eta, horren ondorioz, Nafarroako taldea Europako lehiaketetatik kanpo geratuko litzateke. Oraingoz, baina, gauza bakarra dago egiaztatuta, eta hori da Osasunak jakinarazpena jaso egin duela.

Osasuna auzian (La Vanguardia egunkariaren arabera, horrek eragin du espedientea), Nafarroako Probintzia Auzitegiak frogatutzat jo zuen Osasunako Zuzendaritzako zenbait kidek, 2013-14 denboraldian, dirua eman zietela Antonio Amaya eta Xavi Torres Betiseko jokalariei, "kirol lehiaketaren emaitzak manipulatzeko". 2020ko apirilean, zigorra ezarri zien Angel María Vizcay Osasunako gerente ohiari, Miguel Archanco presidente ohiari, Juan Antonio Pascual eta Jesus Peralta Zuzendaritza Batzordeko kide ohiei, Sancho Bandres diruzain ohiari, Cristina Valencia eta Albert Nolla higiezin agenteei, eta Antonio Amaya eta Xavi Torres Betiseko jokalari ohiei. 2023ko urtarrilean, Auzitegi Gorenak espetxe zigorrak murriztu zizkien kondenatutako bederatzi pertsonei.

Igandean amaitu den 2022-23 Santander Ligan, Osasunak zazpigarren postua lortu du; horrek 2023-24 denboraldiko Konferentzia Liga jokatzeko eskubidea ematen dio Nafarroako taldeari. Duela 16 urte jokatu zuen azkenengoz Osasunak Europako txapelketa bat.

 

Albisteak (1)

Bideoak (4)