Itxi

Libertadores Kopa

Flamengok irabazi du 2022ko Libertadores Kopa

EITB Media

Leer en Castellano

Rio de Janeiroko taldea nagusitu da finalean Curitibako Athletico Paranaenseren aurka, 1-0eko emaitzarekin. Gabriel Barbosa 'Gabigol' jokalariak sartu du neurketako gol bakarra lehen zatiaren luzapenean.

Flamengoko jokalariak Libertadores Kopako garaikurra altxatzen. Argazkia: EFE

Clube de Regatas do Flamengo taldea da 2022ko Libertadores Kopako txapelduna Club Athletico Paranaenseri finala 1 eta 0 irabazita Guayaquilen (Ekuador). Ondorioz, Rio de Janeiroko taldeak hirugarrenez irabazi du Libertadoreseko titulua.

Paranaensek kontrolpean izan du norgehiagoka 43. minutura arte; justu momentu horretan bat gutxiagorekin geratu da Curitibako taldea, epaileak Pedro Henrique egotzi baitu bigarren txartel horia aterata. Luiz Felipe Scolari Scolari Paranaenseko entrenatzaileak ez du aldaketarik egin taldearen joko-sistema egokitzeko, eta lehen zatiaren luzapenean (50. minutuan) Flamengok gola sartu du: Gabriel Barbosa 'Gabigol' jokalariak jarri du 1-0ekoa markagailuan.

Bigarren zatian Flamengok erasora jo du bigarren golaren bila, baina ezin izan du aurkariaren atea berriro zulatu. Athletico Paranaensek amaierara arte jarraitu du borrokan, azken txanpan abagunea izan du, baina Agustin Canobbio aurrelariak ez du lortu baloia aurkariaren ate barruan sartzea.

Gauzak horrela, Flamengok irabazi du finala eta 2022ko Libertadores Kopa.

Fitxa teknikoa:

1. Flamengo: Santos; Rodinei, David Luiz, Leo Pereira, Filipe Luis (Ayrton Lucas, 20. min); Joao Gomes, Thiago Maia (Arturo Vidal, 71. min), Giorgian De Arrascaeta (Vítor Hugo, 84. min); Everton Ribeiro, Gabriel Barbosa 'Gabigol' (Éverton 'Cebolinha', 84. min) eta Pedro.

Entrenatzailea: Dorival Junior.

0. Athletico Paranaense: Bento; Khellven, Pedro Henrique, Thiago Heleno, Abner; Fernandinho, Vítor Bueno (Agustin Canobbio, 57. mn), Hugo Moura (David Terans, 75. kin), Alex Santana (Matheus Felipe, 46. min); Vitinho (Romulo, 57. min) eta Vitor Roque (Pablo, 66. min).

Entrenatzailea: Luiz Felipe Scolari.

Gola: 1-0, 50. min: 'Gabigol'.

Epailea: Patricio Loustau (Argentina). Mauro Vigliani (Argentina), VAReko epailea. Txartel horia bana ikusi dute De Arrascaeta (68. min) eta Vidal (75. min) Flamengoko jokalariek, baita Alex Santana (43. min) eta Romulo (74. min) Athletico Paranaenseko futbolariek. Pedro Henrique Athletico Paranaenseko jokalaria egotzi du epaileak bi txartel horia atera, 34 eta 43. minutuetan.

Albisteak (1)