Itxi

Final-zortzirenak (itzulikoak)

Vila-real eta Chelsea Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatu dira

EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako taldeak 0-3 irabazi dio Juventusi final-zortzirenetako itzuliko partida, eta joanekoa 1-1 berdindu zuenez, aurrera egin du. Ingalaterrako taldeak 1-2 garaitu du Lille, eta 2-0 irabazi zuen joanekoa.

Pau Torres (Vila-real), Juventusen aurka gola sartu ostean. Argazkia: EFE

Vila-realek eta Chelseak Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako txartela eskuratu dute asteazken honetan, martxoak 16, Juventus eta Lille kanporatuta hurrenez hurren. Ondorioz, ostiralean egingo den zozketan egongo dira, Real Madril, Manchester City, Liverpool, Bayern Munich, Atletico Madril eta Benfica taldeekin batera.

Turinen, Unai Emeryk zuzentzen duen Vila-realek mendean hartu du Juventus (0-3). Italiarrak nagusi izan dira lehen zatian, baina Rulli atezainaren geldituek bizirik utzi dute Castelloko taldea. Bigarren zatian, Gerard Moreno zelairatu ostean, nagusi izan da Vila-real. Morenok sartu du 0-1ekoa penaltiz, Pau Torresek jarri du 0-2koa markagailuan, eta Danjumak biribildu du garaipena, penaltiz gola sartuta (0-3). Joaneko neurketa 1-1 berdinduta amaitu zen; itzulikoa, esan bezala, 0-3. Ondorioz, Vila-Realek egin du aurrera txapelketan.

Bestalde, Frantzian, Chelseak 1-2 irabazi dio Lilleri. Ingalaterrako taldea 0-2 nagusitu zen joanekoan, baina itzulikoa galtzen hasi da, Burak Yilmazek penaltiz 1-0ekoa sartu baitu. Neurketako 45. minutuan, ordea, Pulisicek 1-1ekoa jarri du markagailuan, eta 76. minutuan Cesar Azpilicuetak sartutako golak eman dio garaipena Chelseari (1-2).

Albisteak (3)