Itxi

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria, Teresa del Valle antropologoarentzat

eitb.eus

Leer en Castellano

Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien esparruko pertsonen lana saritzen duen golardoa antropologia feministaren sustatzailearentzat izango da aurten. Uztailean jasoko du.

Eusko Ikaskuntzaren 2018ko saria Teresa del Valle (Donostia, 1937) Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologiako katedradun emerituari ematea ebatzi du Eusko Ikaskuntzaren jarduera eremuko sei unibertsitateetako errektoreen ordezkariek, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Laboral Kutxako lurralde zuzendariak osatutako epaimahaiak, “bere obra globalak modu eraginkorrean lagundu baitu Euskal Herriko genero ikuspegiaren garapen kulturalean”.

Teresa del Valleren “ibilbide pertsonala eta profesionala gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren esparruan oinarrituta dago, baita erronka hori euskal kulturan eta gizartean ikusgarri egin eta nazioartera zabaltzean ere”, ebazpenak dioenez.

Del Valle European Association of Social Anthropologists erakundearen fundatzaileetako bat izan zen 1989. urtean, baita European Society for Oceanists erakundearen sortzaileetako bat ere, 1996an.

Jarduera dibulgatzaile garrantzitsua garatu du, eta irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren esparruko ibilbide luzea egin du. Berrogei urte baino gehiago daramatza irakaskuntzan, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) nahiz atzerriko beste unibertsitate batzuetan.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria 1995ean sortu zen, Euskal Herriko Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien alorrean curriculum nabarmena duten pertsonak saritzeko.

Hain zuzen ere, Julio Caro Baroja antropologoak jaso zuen saria lehenengo edizioan, eta, besteak beste, honakoak daude irabazleen zerrendan: Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxea, Maria Bayo sopranoa, Francisco Etxeberria auzitegiko medikua, Maria Carmen Gallastegui ekonomista, Javier Elzo soziologoa, Javier Echeverria Ezponda zientziaren filosofoa, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa idazleak eta Montxo Armendariz zinemagilea.

Aurten, 20.000 euroko ekarpena duen saria uztailean emango dute, azaroan egin beharrean, eta Donostian, Miramar jauregian, egingo duten ekitaldi batean emango diote.