Itxi

Zinegoak

"Jaso duguna itzuli nahi dugu: kultur ekitaldi bat egotearen itxaropena"

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

Pau Guillen, Zinegoak jaialdiko zuzendaria, pozik dago Bilboko LGTB zinema jaialdia egingo delako, aretoetan gainera, "zalantza izpirik gabe", martxoaren 1etik 14ra.

Pau Guillen, Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren zuzendaria. Argazkia: Zinegoak

Pandemiaren eztanda baino lehen Bilbon egin ahal izan ziren azken kultura ekitaldietako bat izan zen Zinegoak. Oraindik ziurgabetasuna gainean dugun arren, Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia ziur da aretoetan izango dela, martxoaren 1etik 14ra. Gainera, Bizkaiko hiriburuaz gain, Lekeitio ere egoitza ofiziala izango da hilaren 6, 7 eta 8an.

18 pelikulak hartuko dute parte atal ofizialean, DOK, FIK eta KRAK zatietan bananduta. Horrez gain, Sebastien Lifshitz zinemagile frantziarrari buruzko atzera begirakoa (ohorezko saria emango diote igande honetan), Brasilgo egoeraren gaineko begirada TRANSbertsala eta Begiradak atalean bildutako film laburrak izango dira ikusgai.

Azken urteetako ohiko aurkezpena duen menu horrez gain, zinemaldiaren presentzialtasuna bera ospatzekoa da. Aurten, pelikulak aretoan estreinatu eta berehala, online plataforma batean izango dira ikusgai, Bilbora joan ezin direnentzat. Guztiari buruz Pau Guillenekin hitz egin dugu, Zinegoak zuzenduko duen azken urtean.

Nahiz eta murrizketak egon eta ia guztiaren gainean ziurgabetasun handia egon, Zinegoak ospatu egingo da, aurtengo leloak dioen bezala, "zalantza izpirik gabe". Gaztelaniaz, gainera, lelo horrek generoari egiten dio erreferentzia.

Aurten denbora guztian hunkitzen ari naiz, ziurgabetasun artean erabakiak hartzea zaila izan baita. Azkenean ohikoak ez diren eta zure kontrolpean ez dauden elementuekin lanean ari zara. Horrekin leloak oso ondo konektatzen zuen: Zalantza izpirik gabe.

Lelo horren bila hasi ginenean, hitz egin nahi genuen binarismoaz, generoaren zabaltasunaz, hedatzeko moduaz, gizon/emakume eta trans kontzeptuak zabaltzen ari diren moduaz... Beste erreminta batzuekin hazi den belaunaldi gazteago bat dago, hezkuntzan, sentsibilizazioan, eta badaki aniztasun sexuala zer den, modu zabal batean mintzo da orientazioez, identitatea eraikitzeaz, genero adierazpenaz… Nire belaunaldian edozer emango genukeen erreminta horiek izateko. Karteleko argazkiak belaunaldi hori jasotzen du. Ez dute zalantzarik zentzu horretan, 20 urterekin, noski, beste hainbat zalantza dituzten arren. "Binarioa, genderfluid, genero neutroa… Begira, azkenean berdin da kontzeptu horiek ez ezagutzea. Garrantzitsuena da jakitea bere identitatea modu desberdin batean eraikitzen ari den belaunaldi bat dagoela eta generoaren mugak zabaltzen ari direla". Hori esan nahi genuen.

Aldi berean, jaialdiaren apustua ere bazen. Galdetzen genien gure buruei: Dena aretoan egiten saiatzen bagara, azkenean ezer ez egiteko arriskua dago? Dena online egiten badugu, jendearekiko konexioa galduko dugu? Azkenean ahal den neurrian modu presentzialean egitea erabaki genuen, betiere kontuan izanda egoerak eskatzen digula espazio birtual bat ere egotea, murrizketak gogortuko balira.

Argazkia: Zinegoak

Jende gutxiago ikusiko dugu aretoetan, sesioak lehenago bukatuko dira… Zerk jarraituko du berdin jaialdian?

Hortik dator Zalantza izpirik gabe: jaialdiak zentzua izaten jarraitzen badu jendeagatik da, hiriagatik, inguruagatik, egiten dugun tokiagatik. Lehen analisi batean, behin beldurra eta ziurgabetasuna gainetik kenduta, argi geratu zen ideia: goazen modu presentzialean egitera, gure jendearen bila. Gainera, beharrezkoa eta oso gurea den sentsibilizazio lanaz gain (hau da, publikoari aniztasunari buruz hitz egitea, modu zabal eta didaktikoan, kulturaren bitartez), kudeatzaile kulturalak garen heinean, denbora luzean jaso dugun hori jendeari itzultzea ere oso garrantzitsua iruditu zitzaigun. Publikoari mugarri kultural bat gertatzearen itxaropena eskaini nahi genion. Zerbait gertatu dadila gogaitasun momentu honetan… Hori aurrera egiten ari garen seinalea litzateke eta.

Mugikortasunari dagokionez erraztasuna bilatu dugu. Nola egin jaialdia leku gehiagotara heltzeko jendea mugitu barik? Hor agertu zen Euskal Zine Bilera. Eta Lekeitio hiriburutik kanpoko lehen egoitza ofiziala bilakatzen bada? Hiru egunetan, Bilbon gertatuko dena Lekeition ere gertatuko da, eta alderantziz. Programazio ofizial bera izango dute, ordutegiak eta proiekzioak koordinatuta, eta aretoak lotuta egongo dira, bilkura birtualen bitartez, baita pelikuletako autoreekin ere.

Urtebete eman dugu zinemaldiez etxetik gozatzen, eta Zinegoak ere online egingo da. Geratzeko etorri da?

Ez dakigu. Filmin-en egotea beste jende askok gu ezagutzea ahalbidetuko du, eta oso ondo dago, baina ez dugu jauzi egitea eta mugak zabaltzea bilatzen. Gure alde erabili nahi dugun plataforma da Filmin, gure beharren arabera. Jaialdia bukatzen denean, ikusiko dugu nola joan den, eta erabaki bat hartuko dugu. Zergatik ezin dugu bi astez dena aretoetan egin eta ondoren Filmin izatea inon ikusi ezin diren pelikula horiek egoteko tokia? Goazen edizio hau nola joango den ikustera, eta ondoren erabakiak hartuko ditugu.

Ohorezko saria Sebastien Lifshitzi emango diozue. Aspaldiko ezaguna Zinegoak jaialdiarentzat.

"LGTB presente izaten duen sorkuntzan ahots bikainetako bat da Lifshitz"

Aspaldiko ezaguna da, eta gainera kontuan izan beharreko pertsona horietako bat da. LGTB presente izaten duen sorkuntzan ahots bikainetako bat, zalantzarik gabe. Bere pelikuletako lau gure jaialditik igaro dira. 2005ean hasi zuen bidea, Wild side (2004) pelikulak film onenaren saria irabazi zuenean. Gero Plein sud (2009) ekarri zuen, ondoren Bambi-rekin (2013) itzuli zen, eta 2017ko hasiera ekitaldian egon zen Les vies de Thérèse (2016) asko eta asko shock egoera utzi zuen dokumentalarekin.

Sebastienek oso polita den zerbait egiten du. Talde zehatz batentzako zinea egiteaz haratago, guztioi axola zaigun auziei buruz hitz egiten du LGTB pertsona eta pertsonaien bitartez. Les vies de Thérèse pelikulan heriotzaz, duintasunaz eta liluragarria den bizitzaren zabaleraz ari da; hiltzea modu naturalean, begiak estali gabe, kontuan izateko prozesua dela esaten digu. Heriotzaz modu orokorrean hitz egin beharrean, Therese bezalako pertsona bat bilatzen du; Les invisibles (2012) pelikulako protagonista izan zen.

Modu sakonean hitz egiten digu, ustez sinpleki, baina beti hunkitzen zaitu. LGTB adinekoei buruz hitz egin ziguten lehen aldia izan zen Les invisibles. Orain diskurtsoaren parte da gai hori, baina oroimenaren berreskurapen hori aitzindaria izan zen. Gaur egun sei izendapen ditu, Adolescentes (2019) pelikularekin, Frantziako Cesar sarietan. Bat-batean, Sevillako Zine Jaialdian geundela, ohorezko saria ematea otu zitzaigun, eta taldeko guztiok ikusi genuen oso argi.

SAIL OFIZIALA

18 pelikula daude sail ofizialeko FIK, DOK eta KRAK ataletan. Guillenen arabera, bi lerrok zeharkatzen dute.

Istorioen lehen lerroa kartelekoa da. Generoren ikuspuntutik bere burua "eraikitzen" ari den belaunaldi horri dagokio. Cosas que no hacemos (DOK ,Bruno Santamaria) pelikulan nerabezaroko "esnatzean" izaten den "adierazteko beharra" erakusten da, Mexikoko errealitate zailean. Antzeko zerbait dago Alltid Amber (DOK, Lia Hietala eta Hanna Reinikainen) pelikulan, baina Suediatik. "Joan, etorri, pentsatu, oker egon, berriz altxatu eta erabakitzea" ahalbidetzen duten "erremintak" dituen belaunaldi hori dago pelikulan. Guillenen aburuz, Valentina (FIK, Cassio Pereira dos Santos) brasildarra ere lerro horren barruan dago. Hori aprobetxatuta, Indianara eta Bixa Travesti berreskuratu dituzte beste sail batean Bolsonaroren Brasilean trans kolektiboak jasaten duen egoera erakusteko.

Bigarren lerroan emakume lesbianen amatasunari buruzkoa da. Anyáim Története (DOK, Asia Dér y Sári Haragonics), ikuspuntu tradizionaletik egiten du ", baina "Orbanen Hungaria konplexuaren testuinguruan". Mães do Derik (DOK, Dê Kelm) pelikulak, ordea, beste aukera bat eskaintzen du: talde-amatasuna. Azkenik, Raquel Marquesk, Tiempo de deseo (KRAK) saiakera filmikoan, amai izateko desioaz eta ez desioaz aritzen da, bikote harreman berean. "Bideragarria ote da?", galdetzen du.

Anyáim Története (Haren amak) pelikula.

Genero identitatea aurtengo leloan sartu duzue, trans kolektiboarentzako legearen gainean eztabaida sutsuaren erdian.

Eztabaidak jaialdia zeharkatzen du, baina ez uste bere programazioa eta ikuspegia aldatzen duenik. Jarrera guztiak erakusteko prest gaude beti. Uste dut eztabaida hau zeharo polarizatu dela. Gaur egun zaila da gaia konpontzeko toki komunak aurkitzea. Jaialdi bezala, nahi duten moduan sentitu eta beren buruak eraiki nahi dituzten pertsonen errealitatearen alde egiten dugu, oso modu argian, eta hori ahalik eta hobeto gertatu dadin, babes legala bilatu behar dugu Hori da gure jarrera.

Aldi berean ulertzen dugu aurrez aurre dauden toki horiek ez dutela uzten elkarrizketa lasai bat egoten edo komunikaziorako kanalak egoten. Jaialdi bezala, beti egin dugun moduan, eta horretaz oso harro nago benetan, elkarbizitzarako espazio komunak bilatzen ditugu. Askotan, LGTB elkarteen artean talka handiak zeudenean, aktibitate bat edo areto bat partekatzea lortu dugu, edo momenturen baten antzeko bizipen bat izatea.

Jarrerak aurkakoak izan daitezke —eta ez dut uste hainbesterako denik—, baina uste dut garrantzitsua dela leku komunak egotea, gelditzeko, tentsioa murrizteko, hitz egiteko eta ikusteko noraino heldu gaitezkeen. Hori da jaialdiaren espazioa. Beti egiten dugu: begirada asko jaso, gainean jarri, jendeari hausnarketarako elementuak eta erreferentziak eman, eta hortik, eraikitzen jarraitu.

Hamar urte eman dituzu zuzendari bezala, eta jaialdiak 18 beteko dituenean, zure azkena izango da.

Honakoa izango da nire azken urtea zuzendari bezala, eta gainera pozik egiten ari naiz. Hamar urteren ostean, uste dut eman beharrekoa eman dudala. Uste dut egitura bat eta estetika bat eman dizkiodala jaialdiari: didaktika kartelen bitartez, gaiekiko begirada zabala, ezer ez dakien publikoari zuzenduta dena oso kontrolpean duen publikoa kontuan hartuta… Argi izatea hau aniztasunaren zerbitzuan dagoen erreminta bat dela, eta ez soilik sorkuntza kulturalaren ingurukoa.

Egiturak eta formak errepikatzen hasi naizela iruditzen zait, eta uste dut garrantzitsua dela ikuspegi eta lidergo berriak egotea.

Nola aldatu gara ordudanik? Zein izan da jaialdiaren papera LGTB kolektiboarentzat, eta sexu eta genero aniztasunarentzat, zinematik?

Kultur ekitaldi bat bezala jaio zen Zinegoak, ia ia kolektiboarentzat sortua, eta kontzeptuen hedatzaile handi bat bilakatu da, kanpora begira oso didaktikoa eta barrura begirako sendotzea eragin duena.

Bilbori dagokionez, Alacantetik heldu nintzenean oso hiri irekia zela iruditu zitzaidan. Lasai egon zintezkeen, gutxienez ni nengoen tokietan. Nire sentsazioa da hori ez zela ilusio bat, errealitate bat baizik, eta gero eta sendoago ikusi dut. Gizarte anitza eta irekia da, orokorrean; noski, akatsekin, hobeto beharreko tokiekin, konpontzeko dauden presioekin eta definitzeko dauden marko legalekin, eboluzio etengabean baikaude.

Bideoak (1)