69. edizioa
Donostiako Zinemaldiak proiekzioz beteriko egitarauarekin hasiko du astea
EITB Media
Astelehen honetan, film luze eta labur ugari ikusteko aukera izango da, lehiaketa ofizialean zein gainerako beste sailetan ere. Besteak beste, "Distancia de rescate", "Ni baino ez nauzu desiratuko" eta "El buen patron" filmak proiektatuko dituzte.
Zinemaldiak gogo handiz eta indarrez beteta jarraitzen du 69. edizio honetako egitarauaren parte diren ikus-entzunezko lanen proiekzioarekin. Hala, astelehen honetan proiektu ugari ikusteko aukera izango da, lehiaketa ofizialean zein gainerako beste sailetan ere.
Hain zuzen ere, Claudia Llosa zuzendariaren "Distancia de rescate" (93 min) filma ikusgai izango den lanetako bat da. Samanta Schweblinen izen bereko eleberrian oinarrituta dago, eta, beraz, Amandaren istorioa kontatzen duen film hau intrigaz eta abenturaz josita dago. Maria Valverde, Dolores Fonzi, Guillermo Pfening, German Palacios eta Emilio Vodanovich dira protagonistak.
Sail Ofizialean lehiatuko den beste film bat Claire Simon (Erresuma Batua) zuzendariaren "Ni baino ez nauzu desiratuko" (95 min) lana da. Swann Arlaud eta Emmanuelle Devos ditu protagonista, eta bera baino 30 urte nagusiagoa den emakumezko idazle batekin harreman estua duen gizon baten istorioa kontatzen du. Liluratuta dago berarekin, baina harreman horretan ezin duela aurrera egin uste du.
Fernando Leon de Aranoak zuzendutako "El buen patrón" (120 min) fima ere Urrezko Maskorra irabazteko lehian arituko da. Basculas Blanco izena duen enpresa batek saltoki handietarako eta ibilgailuak eta abereak pisatzeko balantza industrialak egiten ditu. Jabea pozik dago, baina langileekin dituen arazoen ondorioz, ezinezkoa da bide onetik jarraitzea. Javier Bardem, Manolo Solo, Almudena Amor, Oscar de la Fuente, Sonia Almarcha eta Fernando Albizu dira filmaren protagonistak.
Bihar ospatuko den Euskal Zinemaren Galaren baitan, Asier Altunaren "Hondalea: itsas amildegia" (62 min) proiektatuko da astelehen honetan. Cristina Iglesias eskultoreak parte hartu du, eta orain arte bere ibilbideko lanik garrantzitsuena den Hondaleari buruz hitz egin du.
Zinemira sailean, "O gemer" (63 min), "Bolante baten historia" (91 min), "Pandemic Tour 2020 Belako" (77 min) eta "El radioaficcionado" (87 min) ikus-entzunezko lanen proiekzioak nabarmendu daitezke.
Halaber, Perlak atalean honako lan hauek ikusi ahal izango dira: "Amatxo" (72 min), "Zori eta fantasiazko gurpila" (121 min), "Atseden gabeak" (118 min), "Benedetta" (131 min) eta "Eraman nazazu autoz" (180 min).
Bestalde, New Directors sailean, "Inventura" (106 min), "Las vacaciones de Hilda" (88 min), "Mass" (110 min), "Josefina" (90 min) eta "Le bruit des moteurs" (79 min) daude, besteak beste.