Kargatzen...
Itxi

22:00etan

Azkaine izango da 'Herri Txiki'k bisitatuko duen azken herria

EITB

Leer en Castellano

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Lapurdira joango dira gaur, denboraldiaren azkeneko atalean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Lapurdiko Itsas Hegiko Azkaine herria ezagutuko dute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik, saioaren denboraldiko azken atalean.

Pagadik Bixenteren ohitura bitxi bat ezagutuko du lehenik: herriko ostatu guztietatik pasatzea, tabernariei 'pasa egun on!' esateko. Ibilbide hori egiten lagunduko dio, eta paseo horretan Jean Pierre Cachenaut apaizarekin egingo du topo. Azkaineko erretorea Ameriketako Estatu Batuetako euskaldun guztien apaiza izan zen 9 urtez, eta egonaldi interesgarri horri buruz mintzatuko dira. Philippe Lacarra herritarrak, berriz, 'Eroen etxea' eraikin berezia erakutsiko dio. Hollywooden lanean aritu zen dekoratzaile baten etxe bitxi horrek gordetzen dituen istorio interesgarriak azalduko dizkio. Maite eta Daniel Salaberry senar-emazte maitagarriek umoretsu eta maitasunean bizitzeko sekretua kontatuko diote Pagadiri, eta, bisita amaitzeko, Kepa Muruak antzara arrautzak ikuskatzeko oboskopioa nola erabili erakutsiko dio Villabonako aurkezleari.

Zuhaitzek, berriz, Azkaineko portuan ezagutuko du lehen elkarrizketatua: Pierre Oyhanto, 94 urteko azkaindar peto-petoa. Gizon alegera honek Bigarren Mundu Gerrako pasadizoak kontatuko dizkio, eta, gainera, euskal kantak umorez kantatuko dizkio. Herri kaskotik aldendu, eta Serres aldera egingo du Zuhaitzek. Han, Michel eta Dominique senar-emazteekin elkartuko da. Dominique marseillarra da, eta Michelek berak erakutsi zion euskaraz orain urte batzuk. Eliza inguruan, Andrée Ithurriarekin egingo du topo. Andrée Azkaineko elizako organo jotzailea izan da 66 urtez, eta badu historia bitxi bat 88 urteko emakume honek: Rasputin hil zuen Yusupov printzearekin ‘Elurra mara-mara’ kanta abestu zuen, Azkainen bertan. Azkenik, Plazan ostatuan, Maider Laduche euskal produktuen alde egiten duen apustuaz mintzatuko zaio Zuhaitzi.

Irailetik hona, 26 herri bisitatu dituzte Pagadik eta Zuhaitzek, eta igande honetakoa bosgarren denboraldiko azkena izango da, baina deabrutxoak ez dira urrutira joango, laster saio berrietan ikusiko baititugu.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)