Saria
EITBko "Hondar Ahoak" telesailak jaso du aurtengo ikus-entzunezko Argia Saria
EITB Media
Txintxua Films ekoiztetxeak EITBrentzat sortutako lanari eman diote ikus-entzunezko Argia Saria 2021. Koldo Almandozek eta Marian Fernandezek jaso dute.
EITBko "Hondar Ahoak" telesailak jaso du 2021eko ikus-entzunezko Argia Saria, hedabideak berak astelehen honetan jakitera eman duenez. Txintxua Films ekoiztetxeak EITBrentzat sortutako lanari eman diote aurten Argia Saria, ikus-entzunezkoen atalean, eta Koldo Almandoz zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak jaso dute saria.
Telesailak "autore-lan baten printzak" erakusten dituela azaldu du Argiak sariaren berri ematean. "Lehenago ere esana dugu ARGIAn, aurtengo ikus-entzunezkoen sariak inflexio-puntu bat markatu du euskarazko telesailen historian", azpimarratu dute. "Lehen musika doinu eta irudietatik ikus-entzulea harrapatua geratzen da, sumatzen du datorrena ez dela ohikoa euskarazko telesailen sorkuntzan eta adi paratzen da aparailuaren aurrean, datorkionaren aurrean urduri ere bai akaso. Lehen kapituluak eman du ezustekoa, eta ondorengoek dotoreziaz eramaten dute aurrera ikus-entzulea, une bakoitzean hurrengoan zer gertatuko den asma ezinean", idatzi dute sariaren berri ematean.
Hala, Argiaren ustetan, "thriller poliziako on baterako osagaiak dagoeneko hor daude, baina aurtengo ikus-entzunezkoen irabazlea harago ere badoa, telesailak autore-lan baten printzak erakusten ditu".
Sariak, webgunearen bitartez
Aurten otsailaren lehen astean banatuko dituzte Argia Sariak. Covid-19a dela eta, aurten ezingo dute sari banaketa ekitaldirik egin eta, ondorioz, Argiaren webgunean bertan emango dute sarien berri. Gaur bertan hasi eta ostiralera bitartean, egunero sari baten berri emango dute.